Beartzun auzoko anaitasun besta ospatu dute auzoan bertan

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 10a, 11:48
Beartzungo auzotarrek elkarrekin eta auzoan ospatu zuten besta. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Ehun urte bete berriak dituen Antzanbordaundiko Martin Jose Maiora omendu dute

2004. urtean hasitako ohiturari eutsiz, Beartzun auzoko bizilagunek urteko anaitasun besta ospatu dute urriaren 8an. Hamahirugarren edizio honetan, ehun urte beteak dituen Antzanbordaundiko Martin Jose Maiora omendu dute.

 

Elizondoko Santioak eta Elbeteko Santa Krutz bestak, biak ospatu izan dituzte beartzundarrek urtetan, baina duela hamahiru urtetik honat beraien besta bereziak dituzte. Aurtengora arte, Elizondoko Antxitonea trinketean egin dute ospakizuna, baina aurten Beartzunen bertan ospatu dute.

Urriaren 8an, larunbat eguerdian txupinazoa bota zuten Josune Bertiz, Unai Iturregi eta Maria Jesus Rekarte auzotarrek. Ondotik, Antzanbordaundira jo zuten, ehun urte beteak dituen Martin Jose Maiora auzoko aitetxia bisitatzera. Etxeko terrazan zela, Maritxu Istilart emaztearekin, alabekin, bilobekin eta bertze senideekin, ohorezko aurreskua dantzatu zioten Irati Iparragirrek eta Iraide Iturregik. Ondotik, zapi gorria jarri zioten eta emaztearentzat lore-xorta izan zen.

115 bat lagun elkartu ziren Doneztebeko Santamaria jatetxetik ekarritako bazkari oparoa dastatzera, eta bazkalondoan Joxe Anjel Elizalde soinulariarekin dantzatu zuten. Hiru zare ere zozketatu ziren, eta Etxeberriko Maria Pilar Urrutiak, Arotzenekobordako Ana Belen Sarrateak eta erdibana, Joanes Jauregik eta Alfredo Zelaietak etxeratu zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun