Baztango EH Bildutik oroitarazten dutenez, «Aroztegiako proiektua proiektu urbanistiko espekulatzailea da, Baztango paisaia eta egitura soziala hankaz gora jarriko lukeena. 2010ean hasierako Aroztegiako proiektu espekulatzailea herritarren borondatearen kontra onartu zuen Baztango Udalak Virginia Aleman Baztango Udaleko alkate zela (gaur egun Geroa Baiko parlamentaria), UPNren gobernuak azken oniritzia eman arte. Proiektu hura epaitegiek legez kontrakoa izendatu zuten».
2014an Baztango Udaleko eta Baztango Batzar Nagusiak Lekarozko lur ez-urbanizagarrien birkalifikazioaren kontra zeudela ikusirik, UPNren gobernuak proiektua UGPSa bezala tramitatzea onartu zuen. «Baztango tokiko entitateen autonomiaren gainetik pasatuz eta UGPS figura inposiziorako erabiliz, hauteskundetako bi egun falta zirela UGPSa onartu zuen. Geroa Bairen gobernuak berriz, UPNren jokaldiari azken oniritzia eman zion 2015ko urte zahar bezperan», dio EH Bilduren oharrak. Argi utzi nahi dute zintzotasunez eta gardentasunez jokatu dute beti, «eta kereila hau jazarpen judizial politiko baten kanpaina besterik ez dela». Mehatxu eta jazarpen guztien gainetik EH Bilduk «herritarren borondatearen defentsan, lurraren defentsan eta kapitalismo espekulatzailearen kontra segituko du lanean. Ez gaituzte isilduko eta ez gaituzte geldituko».
Honela, Baztango alkate eta alkate ohiarekin elkartasuna adieraztera herritarrei dei egiten diete, urriaren 6an goizeko 9:30ean Iruñeko Auzitegietan eginen den elkarteratzean parte hartzera.