Herrietako eskoletan hainbat lan egin ditu uda honetan Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 26a, 09:01
Lekarozko eskola irekitzeko lanak egin dira eta orai, hainbat urteren ondoik, berriz ere herriko eskolan hasiak dira Lekarozko umeak.

Lanik aipagarrienak Lekarozko eskolaren berritze eta irekitzea, Gartzaingo eskolaren egokitzapena eta Ikastolako jangelaren handitzea izan dira

Urtero bezala, aurtengo uda sasoian Baztango udalak bere ardurapeko eskoletan lan desberdinak egin ditu. Lan nagusiak Gartzain eta Lekarozko herriko eskoletan eta Baztan Ikastolan egin dira. Gainerakoetan ohiko mantenimendu lanak egin dira: konpoketak, margoketak eta gisakoak.

 

Gartzaingo herriko eskolari buruz eraikina franko zaharturik eta tokiz eskas zegoen. Modu horretan, goitiko solairuan psikomotrizitate gela eta irakasleen gela egin da eta leihoen aldaketa ere bai. Bertzalde, beheitiko solairuan zola eta leihoak aldatu dira. Lan hauek Berdaitz eraikuntza enpresari 57.969 euroan eman zitzaizkion. Aurrekontua Baztango zortzi enpresari galdegin zitzaien. Aipagarria da Nafarroako Gobernuak lan hauetarako ez duela laguntzarik eman, horretako dirulaguntzen deialdiko irizpideak arrazoibide gisa harturik. Hala, inbertsio osoa Baztango udalak egin behar izan du.

Bertzalde, aurtengo udan ere, Lekarozko herriko eskola irekitzeko lanak egin dira. Eskolaren eraikina osorik zahar berritu da: zola, barneko banaketa, leihoak… Inbertsioa Baztango udalaren eta Nafarroako Gobernuaren artean egin da. Denera 75.000 euro kosta da eta Construcciones Arakan enpresak egin du, eskaintza hoberena berea izan baita.

Modu berean, Baztan Ikastolan jangela handitu da. Orain artioko jangela ttiki gelditurik handitzeko lanak egin dira, horretarako tabike bat bota eta zola berritze lanak egin dira. Lan horiek udaleko enplegu babestuko langileek eta mantenimendukoek egin dituzte. Materialean 3.500 euroko inbertsioa egin da.

Aipagarria da, halaber, Oronozko herriko eskolan haurrek jostatzeko parkean egin den zola berritzea. Alde batetik hormigoi geruza eman da eta ondotik, zola beratza paratu da. Lan hauek Bittor Elizagoien eraikuntzak enpresak eta Mader Playk 6.000 euroan egin dute.

Gainerakoan, bertze eskoletan ohiko mantenimendu lanak egin dira: margoketak, leiho konponketak eta honelakoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun