Haurrendako euskarazko aisialdi eskaintza zabala prestatu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 23a, 07:42
Ikasturte osorako aisialdi eskaintza izanen dute Baztango haurrek.

Elizondon, Erratzun eta Oronozen aukera ezberdinak izanen dira eta izen ematea irailaren 26tik 30era egin behar da 

Urritik ekainera arte, eskolaz kanpoko zenbait jarduera euskaraz egiteko aukera eskainiko du Baztango Udalak. Haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera sendotzea da helburua, eskolatik kanpoko harremanak euskaraz izatea, hain zuzen ere. Beti ere lagunartean, jarduera jostagarrien bidez, ongi pasatuaz. 

 

Haurren sare linguistikoa josi nahi da, eta euskararen erabileraren kalitatea hobetu, kaleko hizkera eta esaerak sartuz jokoetan. Gainera, hizkuntzaz gain, baloreak ere landuko dituzte: ingurumenarekiko errespetua eta zaintza-beharra, parekidetasuna, elkartasuna... 

Baztan osoko haurrei irekia da eta hiru talde osatuko dira. Elizondon Jauzi aisialdi taldea larunbatero bilduko da 17:00etatik 19:00etara Arizkunenean. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua dago eta 60 euro ordaindu beharko da ikasturte osoa. 

Erratzun, berriz, baratze, sukaldaritza eta birziklapen eskolak eskainiko dituzte asteazkenero 15:30etik 17:30era. 7 eta 14 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduta daude eskolak eta 120 euro ordaindu beharko dira. Birziklapen eta sukaldaritza eskolak Lisutegian eta Etxelebert elkartean emanen dituzte eta herriko lur-sail batean eginen dute baratze-eskola. Eta bukatzeko, Oronozen, Larunblai antolatu dute, bi larunbatean behin, 16:00etatik 19:00etara. Lehen Hezkuntzako 3.mailatik 6.mailara arteko ikasleak arituko dira eskolan eta 30 euro ordaindu beharko dira.

Interesa dutenek irailaren 26tik 30era arte egin beharko dute izen-ematea, plaza mugatuak daude.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun