Baztandarren Biltzarrak ingurumenarekiko konpromisoa indartuko du aurtengoan

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 14a, 09:25
Baztandarren Biltzarra ospatuko dute igandean Elizondon.

Igandeko 53. ediziorako egitarau zabala prestatu dute

Igande honetan ospatuko den Baztandarren eta eskuararen besta haundian sortutako hondakinen kudeaketa arduratsuago baten alde eginen dute antolatzaileek Baztango Udalaren laguntzaz.

 

Azken urteotan zentzu edo norabide honetan pausuak eman badira ere, aurtengoan besta erraldoi honek sortutako hondakin kantitate haundi horren kudeaketa hobetze bidean aurrerapausuak emanen dira Baztango Udalaren eta Baztandarren Biltzarra elkartearen elkarlanari esker. Duela urte batzuetatik honat erabiltzen diren edalontzi berrerabilgarriekin jarraituko da noski, honekin sortutako zabor kopurua neurri haundi batean murriztea lortzen delarik beti ere zentzu egokian erabiltzen badira. Hauen kasuan, bestan zehar egiten diren kontsumizio guztietarako erabili ondoren besta akitzen denean itzultzea litzateke egokiena datorren urterako erabilgarri egon daitezen. Edalontziez gain, joan den urtean hasitako hondakinen bereizketa bideari jarraituko zaio. Aurtengoan ere sortutako hondakinak gaika sailkatzeko edukiontziak paratuko ditu Baztango Udalak. Joan den urtean baino edukiontzi gehiago izanen dira eta aurten gai organikoaren bereizketan saiakera berri eta kontrolatuagoa egitea aurreikusten da gainera. Lanean laguntzen eta zerbitzatzen arituko den jendeari hondakinak era egokian bereizteko argibideak eta afitxak emanen zaizkie, edukiontzi bakoitzean bota beharreko hondakinen irudiak paratuko dira eta megafonia baliatuz ere egunean zehar hondakinen kudeaketa egoki baten aldeko mezuak bidaliko dira herritarren partehartzea eskatuz.

 

Egitarau zabala

Uztailaren 17an ‘Baztanen Eskuara barra-barra’ leloarekin, 53. aldiz ospatuko den Baztandarren Biltzarra egun handiari dagokionez, 10:00etatik aitzinera, goiz osoan artisauen erakusketa egonen da ikusgai Pedro Axular karrikan. 11:00etan herri bakoitzak prestatutako orga apainduen desfilea hasiko da. 14:00etan Mutildantzak izanen dira Elizondoko  plazan eta ondotik herri bazkaria izanen da Merkatuko zelaian.  Bazkalondoko animazioan, Baztango ioiak edo eztei-soinuak, Baztandarren Biltzarraren mezua, sari banaketa, animazioa eta dantzak izanen dituzte Merkatuko Plazan.

18:00etan hasita Trikidantz taldeak dantzaldia eskainiko du Laxoako plazan eta 20:00etan Oharkabe taldeak hartuko dio lekukoa. 01:00etatik aitzinera, Tirry&Tery Djak ariko dira Laxoako plazako Baztandarren Biltzarraren ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun