Uztailaren 17an ospatuko den Baztandarren Biltzarra aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko uzt. 5a, 12:25

Baztandarren Biltzarraren ohiko egitarauarekin batera zenbait berrikuntza ere izanen dira. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Bertako produktuekin osatutako menua eta 50 urte egin dituen Lanbide Eskolari omenaldia eskainiko dira 

Gan den urteko Baztandarren Biltzarrean urrats bat gehiago eman eta bertako abeltzain gazteei orgen desfilea irekitzeko aukera eman zitzaien eta Baztanen nekazaritzak duen presentzia eta garrantzia azpimarratuz. Aurtengoan, bide horri segida ematea funtsezkoa ikusi du Baztandarren Biltzarrak eta omenaldia egiteaz gain, beraiek eta bertze Baztandar aunitzek ekoizten dituzten produktuak bestaren parte egitea erabaki dute, ospakizunaren aurkezpenean aipatu zutenez.

 

«Emandako pausu honekin bertako produktuak kontsumitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dugu eta horrela zuen kontzientzietan eragin eta baztandarron etxeetan bertako produktuek geroz eta presentzia gehiago izan dezaten, izan ere, horrela lortuko baitugu Baztan eta bertako paisaia bizirik mantentzea», aipatu zuten.

Aurtengoan Baztandarren Biltzarrako menua hau izanen da: «piperrada (bertako lan-talde batek egina), Patata tortile (garai bateko Lekauzko eskolakoa oroituz), aratxe erria litxuekin (aratxiak bertako abeltzain gazteak diren Andoni Barrenetxe berroetarrari, Pello Sarratea almandoztarrari eta Jon Dufurrena erratzuarrari hartuak eta litxue berriz Iruritako Urrutia anaiena). Ondotik Euskal pastela (urtero aldatzen dugu baina bertako gozotegietakoa izaten da, Malkorra eta Arkupekoa hain zuzen ere), Izozkia (Jauregia esnekietan ekoitzia), kafea eta pattarra. Ilunabarrean karpan egiten diren bokadiloetarako erabiliko duten gasna Etxelekua gasnategikoa izanen da».

 

Txartelak uztailaren 13an

Aurten bazkariko txartelek 23 euro balioko dute, «egindako apostuak merexi baitu». Txartelen salmenta uztailaren 13an, asteazkenean, izanen da Baztandarren Biltzarrako egoitzan goizeko 10etatik aitzinera.

Bazkariarekin lotuta, baztandar gaztetxoei deialdi bat zabaldu nahi diete: «Neurri haundi batean beraiek dira bazkari hau posible izatearen zutabe eta beraien laguntza eske gatoz aurtengoan ere. Gure bestan zerbitzari gisa aritzera animatzen ditugu, bestan eta lanean, denon artean Baztandarren Biltzarra posible izan dadin».

 

Tonbola

Urtero bezala Baztandarren Biltzarrak tonbola jarri du martxan eta gaur gero bertako zenbait komertzioetan boletoak erosteko aukera bada. Boleto hauetan baztandar aunitzek emandako sariak aurkituko dituzue. Sari zuzenik ez duten boletoak 1.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute eta aurtengo berrikuntza gisa 1.000 euro horiek tonbolan parte hartzen duten komertzioetan gastatzeko izanen dira.

Aurten ere kamisetak egin dituzte. Elizondoko Intza ostatuan egonen dira salgai edo bertzenaz, larunbatetan  11etatik 13:00etara eta besta aitzineko astean arratsaldero, egoitzan ere izanen dira eskuragarri.

 

Elizondoko Lanbide Eskola omendua 50. urteurrenean

Elizondoko Lanbide Eskolak 50 urte betetzen dituenez, urte hauek guztietan egindako lana omentzea ezinbertzekoa iruditu zaio Baztandarren Biltzarrari eta, beraz, hauek izanen dira aurtengo desfilea irekitzearen arduradun. «Zorionak guzti guztiei, irakasle, langile eta baita ikasleei ere, zuek ereindako haziek fruitu ugari eman baitituzte».

Baztandarren Biltzarrak bereziki nabarmendu nahi du ez duela inolako eraso sexistarik onartuko. «Denendako besta izatea nahi dugu, elkar errespetatuz denok ongi pasatzeko eta bestaz gozatzeko. Hortaz, argi utzi nahi dugu edozein salaketen aitzinean eraso sexisten protokoloa martxan jarriko dugula».

 

Egitaraua

Baztanen eskuara barra-barra leloarekin, aurten 53. aldiz baztandarren besta haundia ospatuko da uztailaren 17an. Aurten ere egun osoko besta izanen da eta hori horrela izateko egitarau osatua prestatu du Baztandarren Bil­tzarra elkarteak.

Uztailaren 17ko egun handiari dagokionez, 10:00etatik aitzinera, goiz osoan artisauen erakusketa egonen da ikusgai Pedro Axular karrikan. 11:00etan he­rri bakoitzak prestatutako orga apainduen desfilea hasiko da. 14:00e­tan Mutildantzak izanen dira Elizondoko  plazan eta ondotik herri bazkaria izanen da Merkatuko zelaian.  Bazkalondoko animazioan, Baz­tango ioiak edo eztei-soinuak, Baztandarren Biltzarraren mezua, sari banaketa, animazioa eta dantzak izanen dituzte Merkatuko Plazan. 18:00etan hasita Trikidantz taldeak dantzaldia eskainiko du Laxoako plazan eta 20:00etan Oharkabe taldeak hartuko dio lekukoa. 01:00etatik aitzinera, Tirry&Tery Djak ariko dira Laxoako plazako  ostatuan.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun