Baztango Batzar Nagusiak eskerrak eman dizkie herrietan bazterrak garbitzen ibili zirenei

Xorroxin irratia 2016ko eka. 25a, 11:43
Auzolanean aritutako batzuk.

Herri gehienek ekainaren 4an egin zuten garbiketa, aniztarrek aitzinetik burutu zituzten lanak  eta elbetearrek hilabete honen hondarrean dute egitekoa.

Baztango Batzzar Nagisiak prentsa ohar bidez eskerrak eman nahi dizkie, joan den joan den ekainaren 4an,  ingurumenaren Mundu Egunaren harira herrietan bazterrak garbitzen aritu zirenei eta elbetearren kasuan, hilabete hondar honetan ariko direnei.

Joan den ekainaren 4an goizeko 9etan herrietako plazetan elkartzeko deialdia egina zuen Baztango Batzar Nagusiak. Deialdiaren helburua Baztan garbiago baten alde egitea zen, gure herrilurretan dauden xoko edo bazter zikinak garbitu eta jendartea sentsibilizatzea hain zuzen.

Ekainaren 5a ingurumenaren Mundu Eguna dela ikusita aukeratu zen data hori, ingurumenarekiko kontzientzia pizteko egun erranguratsua eta apropos kontsideratu zelako.

Honen harira, auzolanak burutu zituzten herriak Aniz (apirilean egin zuten garbiketa), Ziga, Irurita, Lekaroz, Elizondo, Arizkun, Erratzu eta Amaiur izan ziren eta hilabete honen hondarrean Elbeten ere burutzekoa dute beraiena. Osotara 4.000kg zabor inguru atera ziren herri, erreka bazter eta mendi zokoetatik. 115 lagun inguru aritu ziren lanean auzolan hauetan eta zenbait herritan haurrak ere kanpainaren partaide izan ziren. Osotara 65 heldu eta 50 haur inguruk parte hartu zuten .

Batzar Nagusiaren iritziz, ekintza hauek bailara garbitzeko eta batez ere gehiago ez zikintzeko bidea jorratzeko balioko dute ziur. Hori dela eta, batzarrak eskerrak eman nahi dizkie  parte hartu zuten guztiei eta erronka bat jarri die herritarrei:  etorkizun hurbil batean dituzten  zerbitzu, baliabide eta tresnak erabili eta garbiketa hauen beharra ekiditeko gai izatea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun