Oposizioak Baztango aurrekontuak trabatu nahi dituela salatu du gobernu taldeak

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 2a, 12:52

EH Bilduk eta Ezkerrak proposatutako aurrekontuari emendakina egin, baina aurrekontu berria ez zuten babestu Geroa Bai, Baztan Auzolanean eta UPNk

Baztango udal aurrekontuei buruz piztu den polemikaren inguruan, gobernu taldeak argipenak eman nahi ditu prentsa-ohar baten bidez. EHBildu eta Ezkerraren ustez, "Geroa Bai, UPN eta Baztan Auzolaneanen helburu bakarra aurrekontuak trabatzea zela argi gelditu da, baztandarren ongizatean horrek edukitzen ahal dituen ondorioetan bat ere pentsatu gabe".

Udaleko gobernua osatzen duten taldea «baztandarren ongizatea helburu duen aurrekontu sozialen lanketan ibili da, betiere, Nafarroako Gobernuak onartutako aurrekontu egitura berrirat egokiturik eta Egonkortasun Legeak ezartzen dituenak mugaturik», dio oharrak. 

Aurrekontuen behin betiko zirriborroa alderdi guztiei bakarka aurkeztu zitzaien, proposamenak eta ekarpenak egiteko gonbitea eginez. Gobernuko taldearen ekimenez bilera bat baino gehiago egin zen, «baina hiru astetan ez zen inolako erantzunik izan, inork ez zuen deus aurkeztu». Alta osoko bilkura egin baino bi egun lehenago, apirilaren 26an, Informazioa emateko batzorde iraunkorrean Geroa Baik, UPNk eta Baztan Auzolaneanek, hiruak batera, blokean, kontu-sail bat baino gehiago ukitzen zuen emendakina aurkeztu zuten. «Hor proposatutakoen artean eskualdeko euskarazko komunikabideei %33ko mozketa egitea», dio gobernu taldeak.

Biharamunean Geroa Bai, UPN eta Baztan Auzolaneanen taldeek eskualdeko euskarazko komunikabideen dirulaguntza murrizketarena kentzen zuen emendakina erregistratu zuen. Emendakin honek, halere, lehendabiziko bertsioak bezala gabezi handiak zituela uste dute EHBilduk eta Baztango Ezkerrak. 

Apirilaren 28ko osoko bilkurarat ailegaturik, udaleko kontuhartzaileak emendakinari buruzko txostenaren berri eman zuen. Txostena gogorra zen: emendakinak legea ez zuela betetzen ohartarazi zuen, alderdi zalantzagarriak zituela eta teknikoki ez zela bideragarria. Gainera, emendakina onartzekotan, errekurritua izanen zela eta aurrekontua trabatuko zela jakinarazi zuen. Ohartaraztapenak gora-behera, Geroa Baik, UPNk eta Baztan Auzolaneanek emendakinaren alde egin zuten; hala, emendakina onarturik gobernuak proposatutako aurrekontu proiektuan txertatu zen. Aurrekontua bozkatzeko tenorean udaleko idazkariak, kontuhartzaileak errandakoak oroitarazi eta emendakina txertaturik zuen aurrekontua ez zela legezkoa ohartarazi zuen, Egonkortasun Legea betetzen ez zuelako. 

Egoera horretan, gobernuko taldeak, «ordurako arrunt itxuraldatutako eta gainera legezkoa ez zen aurrekontuaren aurka bozkatu zuen. Alta, harrigarria bada ere, pixkat lehenago emendakina onartuz aurrekontua aldatzea lortu zuen Geroa Bai, UPN eta Baztan Auzolaneanen blokeak, aurrekontu berria ez babestea erabaki zuen». Geroa Bai eta Auzolanean taldetako zinegotziek aurrekontuaren kontra bozkatu zuten eta UPN abstenitu egin zen.

EHBildu eta Ezkerraren oharrak dioenez, «denbora honetan gobernuko taldea baztandarrendako ahalik aurrekontu hoberena egiteko eginahalean aritu da; haatik, Geroa Bai, UPN eta Baztan Auzolaneanen jokabide axolagabeak, momentuz bederen, Baztan aurrekonturik gabe utzi du, horrek ekartzen dituen ondorio guztiekin. Halaber, udaleko plantilla organikoa onartu gabe gelditu denez, udaleko langileen lan-baldintzen kontra egin dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun