Tokiko arraza eta ekonomiaz solasean aritu dira Elizondon piriniotar behien ferian

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 29a, 11:21
Tokiko aziendei buruzko solasaldiak interesa piztu zuen Elizondon.

Pirinioko behiaz ez ezik, euskal xerriaz eta pottokaz aritu ziren 

Piriniotar behi-aziendaren feriaren arrimuan Hazitik hozie elkarteak Tokiko arrazak eta garapen ekonomikoa mahai-ingurua antolatu zuen larunbatean. Panpi Santa Maria, Jon Dufurrena eta Aitor Iraeta euskal xerriaz, piriniotar behiaz eta pottokaz aritu ziren. Espezie horietako bakoitzaren egoera desberdina izanik, garapen ekonomikorako aukerak ere desberdinak dituzte. 

 

Panpi Santa Mariak erran zuenez azkeneko urteetan nagusitu den zerri zuriak gaurgero ez du zerri-industriarekin lehiatzen ahal, hala, euskal xerria, horren aldean, ingururat hobekiago moldatzen da eta kalitatezko produktua eskaintzen du. Santa Mariaren erranetan industriarekin buruz buru aritzea ezinezkoa da, hortaz, Ipar Euskal Herrian bertako produktuetan oinarriturik: Ezpeletako piperrak, Itsasuko gereziak, ardi latxak... kalitatea duten bertako markak landu nahi dituzte eta modu horretan alternatiba ekonomikoak sortu.

Piriniotar behiari buruz Jon Dufurrenak arraza desagertu hurren egotetik bizkorraldirat pasatzen ari dela erran zuen. Haragitako behietan blondak nagusi izan badira ere pittanaka-pittanaka berriz ere piriniotar behiak gero eta gehiago dira. Dufurrenak aipatu zuenez piriniotar behiak gure ingururat hobe moldatzen dira eta Baztango baserrien neurriak nolakoak diren ikusita errentagarriagoak dira.

Gainerakoan Aitor Iraetak pottokaren berri eman zuen. Pottoka kinkan dagoela erran zuen eta arraza mantentzekotan nolabaiteko aterabide ekonomikoa bilatu behar zaiola. Helburua hori izanik, pottokaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzazkoa da. Orain artio zalditerapiarako, zalditegietan haurrendako… biltzen ari dira. Baina hortik harago, bertze arrazei buruz zaila du.

Santa Mariak behin eta berriz kalitatea aipatu zuen, horretan oinarrituriko irudia sortu beharra eta kontsumitzaileari buruzko berme edo garantiak. Tokikoa bulkatu behar dela nabarmendu zuen eta ekonomia birtokiratu behar dela. Baita, kontsumitzaileekin lana egin behar dagoela ere. Ildo horretan Jon Dufurrenak Nafarroako Aratxea markaren barnean Bertakoa %100 zigilua sortu nahi zutela jakinarazi zuen, modu horretan, hemengoa dena egiazki identifikatu ahal izateko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun