Gizon bat hil da Baztan Abentura jolas parkean ehun metrotik erorita

Ttipi-Ttapa 2015ko abu. 31a, 12:06
Ezbeharra 'Pendulua' izeneko atrakzioan gertatu da, tankera horretako Europako altuenean.
 
Ehun metrotik erorita, 40 urteko gizonezko bat zendu zen abuztuaren 28an Baztan Abentura Parkean. Foruzaingoa ezbeharraren zergatia ikertzen ari da, eta oraindik ezin izan du zehaztu azpiegituraren arazo baten ondorioz izan den.
 

Istripua 13:00 aldera gertatu zen, Nafarroako Gobernuak jakinarazitakoaren arabera. Berehala Oronoz-Mugairiko suhiltzaileei eman zieten abisua, eta haiek Guardia Zibileko Mendiko Erreskaterako Taldearekin jarri dira harremanetan. Gizonarengana heldu zirenean hilda zegoela egiaztatu, eta arroilatik ateratzeko lanak hasi zituzten.

Parkeko arduradun eta langileek prentsa-ohar bidez adierazi nahi izan dute ezbeharrak eragin dien nahigabea eta  «doluminak eman nahi dizkie hildakoaren familia, lagun eta ingurukoei». Azaldu dutenez, «parkeak beharrezkoak diren baimenak, homologatutako materiala, segurtasun neurri eta erantzukizun zibil eta asistentzia aseguruak ditu». Begiraleak ere «kirol ekintzetan titulatuak dira, goreneko mailarekin eta urte askotako esperientzia dute. BKZ sortu zenetik, duela 23 urte, mota honetako lehendabiziko gertaera izan da» gaineratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun