Nafarroa Oinez 2015

800 heldu eta gaztetxotik goiti Oinez eta Lasterka eskuararen alde

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abu. 31a, 09:39
Giro bikaina sortu zen ibilbidean. Irudian ibiltariek lasterkariei egindako arku inprobisatua.

300 lasterkarik eta 477 ibiltarik hartu zuten parte proban

Abuztuaren 30ean, goizean goizetik, ehunka lagun bildu ziren Elizondoko plazan Nafarroa Oinezen aldeko mendi ibilaldi eta lasterketan parte-hartzeko. Baztango mendietan barna eta Aldudeko herria zeharkatuz, 27 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten parte-hartzaileek, 1.661 metroko desnibela gaindituz. Elizondotik abiatu eta Larramendi, Urballo, Albako Harria, Belaun, Aldude, Berdaitz, Basabar, Burga, Maulitx, Atxarreta eta Intzuritik pasa ondotik, Elizondon bukatu zen ibilbidea. Ikusi argazkiak.

 

Lehenengo mendigoizaleak goizeko 7etan abiatu ziren oinez. Guztira 470 lagunek heldu zioten Baztan eta Aldude mendietan zehar antolatutako ibilaldiari. Ibiltariek, ibilbide luzeaz gain, 23kmko ibilaldi ttipia ere izan zuten aukeran. Lastekariek berriz, 300 denera, goizeko 9etan ekin zioten 27kmko korrikaldiari. Aipatzekoa da kirolarien artean, Baigorri, Ortzaize, Lesaka, Bera, Altsasu, Lodosa, Tafalla eta Baztan ikastoletako zenbait ordezkari binaka lasterka aritu zirela.

Mendizaleak mendi gainetan zeuden bitartean, etxeko lasterkari ttipiek hartu zituzten Elizondoko karrikak. Ehun haur eta gaztetxo inguruk adinka antolatutako lasterketatan parte hartu zuten. Zangotxo, Nafarroa Oinezeko maskota ere beraiekin lasterka ikusi dugu, bizkor eta kontent.

Goizeko 11etatik aitzin, tantaka- tantaka helmugara iritsiz joan ziren parte-hartzaileak ikusleen txalo zaparrada artean. Ibilbidea oinez burutu zuen lehenbiziko gizonezkoa Oskar Torres izan zen eta lehenbiziko emakumea Kontxi Bikondoa. Laisterka aritu diren mutilen artean aldiz, Jokin Lizeaga, Iban Letamendi eta Iker Carrera gailendu ziren hurrenez hurren eta nesken artean, lehendabizi Mónica Telletxea helmugaratu zen eta ondotik, Irene Guembe eta Rafaella Ciavola iritsi ziren.

Goiz eder eta hunkigarriari akabaila emateko, 600 lagun bildu ziren Elizondoko Merkatuzelaian bazkaltzeko eta ondotik sari banaketa burutu zen giro paregabean.

Larunbatean adituekin solasaldiak

Abuztuaren 29an, probaren bezperan, Arizkunenea Kultur Etxean hitzaldiak antolatu zituzten. Jon
Garraus adituak elikadura eta hidratazioaren inguruko aholkuak eman zituen eta Jokin Lizeagak, mendi lasterketan prestatzaile fisikoa, eta  Iñigo Mugikak, lehiaketa aitzineko zorrozketan aditu, solasaldi interesgarriak eskaini zituzten igande honetan burutu berri den probari begira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun