Baztango Mutildantzari Taldeak ez duela emakumea errespetatzen dio Plazara Dantzara taldeak

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 14a, 10:03
Gizon-emakumeak Mutildantza dantzatzen iazko Elizondoko Santio bestetan.

Dantzatzeko eskubidea bai, baina bertzeen eskubideak zapaltzeko eskubiderik ez dutela dio oharrak

Plazara Dantzara taldeak ohar bidez aipatu duenez, «Baztanen mutil dantzen gaiarekin gaur egungo egoeran baldin bagaude, emakumeak errespetatu ez direlakoz da. Baztango Mutildantzari taldea sortu bazen ez zen kultura bulkatzeko izan, momentu konkretu batzuetan emakumezkorik gabeko mutildantzak dantzatzeko baizik. Kulturaren alde ilun bat hain zuzen ere: emakumeak leku publikoetan egoten ez ziren garaiko kultura».

 

Plazara Dantzararen ustez, «ohiturak aldatzen dira, egokitzen dira, iraun behar badute». Dantza batek herri baten folklorean bere lekua betetzen du eta bertze edozein arte adierazpena bezala, zerbait adierazteko da. Mutildantzak ere bere adierazpena egiten du eta Plazara Dantzara taldeak dioenez, «Baztango Mutildantzarien taldeak dantzatzen duen bakoitzean hauxe adierazten du: Hemen emakumezkorik ez».

Elizondoko bestetan, bertze herrietako bestetan bezala, «ez dugu onartuko eremu publiko batean halako adierazpenik eta gure esku dagoen guzia eginen dugu hori sahiesteko, emakumeei lekua uzten ez dien edozein adierazpena onartuko ez dugulakoz», dio Plazara Dantzarak. Bestak denenak direla eta leku publiko guziak herritar guzienak direla gogoratzen du taldeak: «Eskubidea dute dantzatzeko, dudarik ez. Ez dutena da eskubide bat zapaltzeko eskubiderik. Askatasunaren izenean askatasun bat kentzeko eskubiderik ez duten bezala. Eta hori ederki adierazten dute emakumezko bat dantzarat hurbiltzen zaienean iraintzen, bulkatzen eta musika eta dantza gelditzen».

Plazara Dantzara taldeak aitzinerat segituko du, «plazak betez, dantzak mantenduz eta emakumeen presentzia leku publiko guzietan bermatuz» eta honekin batera herritar guziak gonbidatzen dituzte besta parekideen alde egiterat.


Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun