Baztango udako jostaldietan izena emateko epea zabalik dago

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 15a, 07:29
2013ko Baztango Udako Jostaldietan parte hartu zutenetako batzuk.

Erratzun eta Elizondon eskainiko dira eta maiatzaren 22an akituko da apuntatzeko epea

Euskara eta aisialdia uztartuz, aurten ere udako jostaldiak eskuaraz antolatu ditu Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuak 3 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoendako. Uztailean eta abuztuan bi txanda eskainiko dira, 10:00etatik 13:00etara, eta apuntatzeko epea maiatzaren 22an akituko da.

 

Uztailaren 20tik 31ra Erratzun izanen da jostaldia eta abuztuaren 3tik 14ra Elizondon. Aste bakarra ere egin daiteke, baina lehentasuna bi aste egiten dutenek eta Baztanen erroldatutakoek izanen dute.

Jokoak, eskulanak, parekidetasunean hazteko jolasak, tailerrak (birziklatzea, buztina, antzerkia…), ateraldiak, kirola.. Tarte horietan denetarik egiteko aukera izanen dute neska-mutikoek, eta hori guztia euskaraz. Bide horretatik baitoaz ekimen honen helburuak: udako aisialdiaz gozatzea, euskaraz jolastea, Baztango haurren arteko harremanak euskaraz bultzatzea, Baztango kultura eta natura ezagutzea, haurren garapen pertsonala lantzea eta ingurugiroarekiko jarrera positiboak sustatzea.

 

Izen-ematea

Maiatzaren 22an akituko da izena emateko epea. Interesatuek Dindaia Fundaziora dei dezakete, 696 277599ra, 10:00etatik 13:30era. Baztanen erroldatutakoek txandako 65 euro ordaindu beharko dute, 55 euro familia ugaria bada edo txandan anaia-arreba bat baino gehiago badira. Aste bakarra aukeratzekotan, 35 euro ordaindu beharko dira. Baztanen ez erroldatutakoek 120 euro ordaindu beharko dute txandako eta 65 euro aste bakarra aukeratzekotan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun