Geiser Pharmak 30 lanpostu sortuko ditu Lekaroz kanpusean

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 19a, 10:56

2016 urte hondarrerako hasiko litzateke lanean

Lekarozko Campusean Geiser Pharma enpresak plazaratutako berriaren inguruan Udal Gobernuak uste du be­rri ona dela baztandar guztiendako eta lanean segituko du «ingurugiroa errespetatzen duen garapen integral eta egonkor bat bultzatzearen alde», otsailaren 6an egindako agerraldian jakinarazi zuenez.
 
2014ko abuztuan Geiser Pharmak eta Sodenak (Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa), Udalari jakinarazi zioten Lekarozko Campus enpresarialean medikamentuak fabrika­tzen dituen planta bat jarri nahi zutela.
 
Planteamendua a­z­ter­tu ondoren Udal Gobernuak proiektuarekin adostasuna erakutsi zuen herriarentzat jarduera ekonomiko egokia dela ikusten duelakoz eta lanpostu berrien so­rrera egonkorra suposa­tzen duelakoz (30 lanpostu inguru aurreikusten ditu enpresak). Geroztik Udala, enpresa eta Nafarroako Gobernuko enpresa publiko ezberdinekin elkarlanean aritu da, proiektu honi lehentasuna emanez, aitzinera atera ahal izateko. Lan honen guztiaren ondorioz, enpresari hasierako obren baimena eman zaio eta o­tsailaren bukaera aldean eraikinaren obrekin hastea aurreikusten da.
 
Akitzeko, Udal Go­ber­nuak aipatu du «espedientea ohikoa baino korapilatsuagoa izan dela Lekarozko Campusa bere garaian Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala bezala tramitatu zuelakoz».
 
ZAZPI MILIO EUROKO INBERTSIOA
Geiser Pharmak 7 milioi euro inguruko inbertsioa eginen du Le­ka­rozen, 4.000 me­tro kuadroko lantegia egiteko (bigarren fasean 7.000 metrora zabal daiteke). 2016 urte honda­rrerako lantegi berrian lanean hastea eta urtean 15 milioi unitate sendagai ekoiztea espero dute. Lehen fasean Europako merkatura bideratuko litzateke produkzioa, bezeroen %80 bertakoa baitu enpresak eta bigarren fasean, bizpahiru urtetan Estatu Batuetako me­r­ka­turako ekoiztuko litzateke.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun