Baztandarren Biltzarrak ekitaldi aunitz antolatu ditu urte hasieran

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 28a, 18:32
Urtarrilean inausketa ikastaroa eginen da Arizkungo Gamioxarrean eta sagardo kupelen irekitzea eta kirikoketa jardunaldiak ere eginen dira. Beraz, urriaren 22an jotako sagarrek nolako sagardoa eman du

Errepublika eta Gerra Zibilari buruzko solasaldia urtarrilaren 13an

Baztandarren Biltzarra Elkarteak urte hasierarako kultur agenda mardula aurkeztu du. Baztandarren Biltzarrarekin batera, Baztango Mendigoizaleak, Baztango Gaztetxeak, Jo ala Jo kultur elkarteak eta Erratzuko gazteek antolatu dituzte ekitaldiak. Gan den urte akabailan ere hainbat ekitaldi izan ziren: igande iluntzetan zinema gaztetxean, abenduaren 10ean, Xirika Eguna batukada, kontzertuak eta bertzelako ekitaldiekin. Kontzertuak, mozorro tailerrak, “Birmaniako egunek” izeneko diapositiba emanaldia Eider Zapirainen eskutik, haurrendako tailerrak, monologoak eta bertze izan dira. Baztan-Bidasoako artisauen azoka ere egin zen Eguberri bezperan Elizondoko plazan, eta arratsaldean olentzero ailegatu zen herrietara.

Urtarrilaren 13an, Errepublika eta Gerra zibilari buruzko solasaldia eskainiko du Iker Friasek Arizkunenean, 19:00etan. Urtarrilaren 16tik 27ra iñauteei buruzko jardunaldiak eginen dira. Urtarrilaren 21ean, Galtzerdi Suizida ipuinaren kontaketa eta marrazketa eginen da, Asier Larretxearen ahotik eta Juan Angel Perotxenaren eskutik. Arizkungo Gamioxarrean, urtarrilaren 28an inausketa ikastaroa eginen da eta sagardo kupelen irekitzea eta kirikoketa jardunaldiak ere eginen dira.

Otsailean, Santa Ageda eskea, kantu afaria, euskararen ahozkotasunari buruzko solasaldia Joxerra Gartzia eta Kike Amunarrizekin eta hainbat ikastaro prestatu dira, bertzeak bertze oinarrizko sukaldaritza, etxeko oinarrizko konponketak edo masaje tailerra. Izen ematea otsailaren 15a baino lehen egin behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun