Oronozko ikasleek beraien ikastetxean hasi zuten urte berria

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 27a, 14:38
Oronoz-Mugairiko eskolako neska-mutikoak gustora bueltatu ziren ikastetxera Eguberrietako oporren ondotik. TTIPI TTAPA

Gimnasioa eta sarrera moldatu dira Eguberrietako oporretan

Oronoz-Mugairiko eskola publikoko ikasleak normaltasunez itzuli ziren ikastetxera urtarrilaren 9an, Eguberrietako oporren ondotik. Hain zuzen, opor hauek aprobetxatu dira gimnasioan izandako sutearen ondorioz gertatutako kalteak moldatzeko. Jakina denez, abuztuko bestetan erre zen gimnasioa, itxura batean nahita eragindako sute baten ondorioz. Koltxonetak eta PVC edo poliuretanoa bezalako gai kutsakorrak erre ziren. Horregatik, guraso eta irakasleak kezkatuak zeuden, ikasle eta irakasleek kutsadura hori arnas zezaketeelakoan. Osasun Publikoko Institutuari txostena igorri eta honek zenbait lan egitea aholkatu zuen.

Obrak sarreran eta gimnasioan

Aholku horiei segituz, obrak eskolaren sarreran eta gimnasioan egin dira gehien bat. Gimnasiotik sartzen ziren usaiak ahal bezainbat murrizteko zuloak itxi dira, baita sarreratik gimnasioara ematen zuen leiho borobila ere. Lehendik garbitu ziren zola, pareta eta sabaiak berriz ere sakonki garbitu dira, pikatuz eta margotuz, eta hondatuen zeuden altzariak bota behar izan dituzte. Klaseak ez eteteko, Eguberrietako oporrak aprobetxatu dira lan hauek egiteko.

Udalak eraikina ordainduko du, Hezkuntza Departamentuak edukia

Baztango Udalak bere gain hartu du eraikinean egin beharreko lanak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ordainduko ditu edukiak berritzeko lanak. Hain zuzen ere, Departamentu honek emana zuen moldaketa lanak egiteko baimena eta Eguberrien ondotik eskolak guttieneko baldintzak beteko ez balitu, ikasleak Elizondoko eskolara gan beharko zirela ere jakinarazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun