Euskarians-en zazpinakako txapelketa ekainaren 24an jokatuko da Elizondon

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 20a, 14:24
Euskal Herriko herrialdeetako errugbi jokalariak ikusteko aukera izanen da Giltxaurdin. TTIPI TTAPA

Giltxaurdin zazpi herrialdeetako selekzioak arituko dira.

Euskal Herri osoko errugbi talde eta elkarte ezberdinak biltzen dituen Euskarians ekimenak antolatutako zazpinakako errugbi txapelketa Baztanen jokatuko da aurten, Elizondoko Giltxaurdi zelaian, ekainaren 24an. Txapelketa hau Euskal Herriko herrialde batean antolatzen da urtero eta urte bakoitzean bere antolakuntza herrialde horretako Federazioari dagokio. Aurten, txapelketa honen antolakuntza Nafarroako Federazioaren esku dago eta federazioak Baztan Kirok Elkarteko errugbi sekzioari laguntza eskatu dio ekitaldia Giltxaurdin jokatu ahal izateko. Txapelketa ligaxka moduan jokatuko litzateke San Juan egunean eta zazpi taldeak, Nafarroa, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoa, alegia, denak denen aurka arituko dira ordu erdiko partidetan. Talde bakoitzean, hamabi jokalarirekin batera, entrenatzailea, delegatua eta fisioterapeuta izanen dira. Honetaz gain, txapelketa antolatzeko hamar pertsona behar dirala kontuan hartu behar da. Baztan Rugbi taldeko Mariano Iribarrenek aipatu digunez, «ikus daiteke antolatzea eskaini zaigun ekitaldia maila handikoa dela eta gure ustez ederra izan daiteke edozein ikuslerendako, nahiz eta errugbiari buruz gutti jakin». Antolaketa gastuak 6.000 eurotik goitikoak izanen dira eta horregatik, dirulaguntza eskatu dute inguruko enpresa, komunikabide eta erakundeetan. Horretaz gain, ostatua ere paratuko da txapelketa egunean, ikusleek egin dezaketen erosketetatik diru pixko bat biltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun