Nafarroako XXXV. txapelketaren finala Elizondoko Lur diskotekan eginen da apirilaren 1ean

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 24a, 09:04

Nafarroako XXXV. Bertsolari txapelketa nagusia abian da. Lehen finalaurrekoa Etxarri-Aranazen jokatu zen martxoaren 5ean. Saio horretan, Estitxu Arozena izan zen onena eta finalerako zuzenean sailkatzea lortu zuen. Ondotik, Erika lagoma, Julio Soto, Juan Mari Lopez, Oskar Estanga eta Joseba Beltza sailkatu ziren.

Joan den larunbatean Leitzan aritzekoak ziren Julen Zelaieta, Joxe Juan Zubieta «Etxabe», Bittor Elizagoien, Miel Mari Elosegi, Diego Riaño eta Oier Lakuntza. Finalaurreko azken saioa martxoaren 18an jokatuko da Atarabiako Kultur Etxean, 18:30etan. Xabier Silveira, Jon Barberena, Iñigo Ibarra, Iñigo Olaetxea, Iñaki Aleman eta Jon Elizetxe izanen dira protagonista

Finala berriz, apirilaren 1ean eginen da Elizondoko Lur dantzalekuan. Bertan, finalaurreko saio bakoitzeko irabazleek eta puntuazio onena eskuratu duten bertze bortz bertsolariak arituko dira.

70 urte beranduago finala berriz ere Elizondon

Duela 70 urte, 1936an Nafarroako txapelketa lehen aldiz egin zenean, bertsolariak Bortzirietakoak, Malerrekakoak, Baztangoak edo Baigorri aldekoak ziren. Gaur egun, Nafarroako bertsolaritza mundua zabalagoa da. Orotara 22 bertso eskola daude Nafarroa osoan barreiatuak eta 200 bat ikasle. Gainera, 39 ikastetxetan eskolak ematen dira. 70 urte beranduago finala berriz ere Elizondon eginen da, Lur dantzalekuan, apirilaren 1ean. Azken bi txapelak irabazi dituen Xabier Silveira lesakarra da aurten ere faborito.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun