Igandean, goizeko 10etan hasita mintzaldi xokoa izanen da Azkain, Senpere eta Zuraide ikastetxe ezberdinendako. 12:15ean Didier Picot izanen da hizlari eta 12:30ean Txomin Hiriart-Urrutyk La citadelle: colonie d’enfants réfugiés de la Guerre civile espagnole (1937-1939) aurkeztuko du. 14:30etik 15:40ra Arantxa Urretabizkaia eta Danele Sarriugarte idazleen hitzaldia izanen da, Karin Etxeberrik animatua. Arratsaledeko mintzaldi xokoan Robert Bonnet, Peio E.A. eta Severine Dabadiek beraien liburuak aurkeztuko dituzte eta 17:00etan Idoia Rodriguez Mondragonek mintzaldia eskainiko du, Aines Haristoyk animatua (frantsesez). 18:00etan hasiko den gaualdi mintzaldian, Kirmen Uribe idazlea Bernat Etxepare lizeoko ikasle eta erakasleekin ariko da.
Bazko Astelehenean, 10:40ean Euskaltzaindiako liburu berriak aurkeztuko dituzte, 11:30ean Maiatz aldizkariaren 35. Urteurrena gogoratuko dute eta eguerdian omenaldia eskainiko die EKEk M.J. Minaberry eta Piarres Charitton-i. Gero zintzur bustitzea izanen da. 14:30ean hitzaldia eskainiko dute Mikel Iribarren, Maddi Zubeldia eta Michel Mendiboure idazleek, Katixa Dolharek animatua. JC Etxegoien, JP Etxheverry eta Udako Euskal Unibertsitatearen mintzaldien ondotik, 17:00etan hitzaldia eskainiko dute Marko, Lucile Placin, Zigor eta France Favard idazleek, Maialen Sanchezek animatua (frantsesez).
Haurren xokoan, egun guztian familiendako irakurketa gunea eta idazketa tailerrak izanen dira, baita irakurketa musikalak oren guziz ere. 11:00etan Biribil ikusgarria, 4 urtetik goitikoendako eta 11:30ean Lapiñu maleta ikusgarria ttipi-ttipiendako.
Erakusketak
Biltzar denboran, apirilaren 15etik 17ra Larrungo Koloreak Elkarteak margo eta zizelketa erakusketa irekiko du Denen etxean, 10:30etik 12:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Eskuen Lana Elkarteak ere erakusketa irekiko du apirilaren 13tik 18ra (10:00-18:00) Lur Berri gelan. Axuri’arteren eskutik, eskulanen erakusketa izanen da egun guziz plazan, baita Garzia eta Yola margolarien eta Mytabdi argazki-oihalezko sorkuntza lanak ere.