Bertze ekintza batzuen artean, taldeak www.lurpea.eus webgunea jarri zuen martxan eta bertan jaso daiteke kobazulo guztien informazioa. Balio historiko zein natural handiko leku hauetan, gizakiaren iraganaren arrasto garrantzitsuak mantendu dira, eta zenbait kasutan, berauen hormak oraindik kondaira eta mitoei loturiko errito herrikoiez hitz egiten digute.
Martxoaren 19ko Kobazuloen egunerako, aipatutako leizeek ekintza desberdinak antolatu dituzte. Kobazuloen egunean sarrerek %50eko deskontua izango dute eta bisitariek La Bastide Clairence-n dagoen Argizagita etxea asteburu batez gozatzeko aukera eta kobazulo partehartzaile guztietan sartzeko bono baten zozketan parte hartuko dute.
Argazki lehiaketa Zugarramurdin eta bisita gidatua Urdazubin
Kobazuloen Eguna ospatzeko, argazki lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu dute Zugarramurdiko lezean, Itxusi argazkilari elkartearekin batera. Urdazubin, berriz, Kontrabandisten bidearen barna bisita gidatua eginen dute. 948 599241 telefonoan egin daiteke erreserba edo info@cuevasurdax.com helbide elektronikoan, Helduek 6 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 3 euro eta lezerako sarrera erdi prezioan izanen dute. Sarako lezeetan moldaketa lanak egin dituzte negu honetan eta itxura berria ikusteko aukera izanen da igandean.