Joan den abenduan VS Ingeniería y Urbanismo enpresari esleitu zitzaion proiektuaren garapena eta lanak egiteko lehiaketa maiatzean hasiko da. Otsondon mila metro kubiko dituen ur-biltegia eraikitzeaz gain, auzoetako biltegiak ere egokituko dira eta hauen arteko kanalizazioa ere eginen da.
Proiektu honekin, Urdazubiko Udalak auzo guzietako ur-hornidura segurtatu nahi du datozen 25 urtetarako. Biltegi nagusia eta kanalizazio gehiena Baztango lurretan daude, baita Urdazubiko bizilagun batzuen lurretan ere, eta hauekin solasean hasiak dira, lanek zer eragin izanen duten informatzeko.
Abuztuan hasi gogo dituzten lanekin ur-hornidura arazoak akitzea espero dute. Erraterako, azken udan Alkerdi auzora ura zisterna-kamioietan eraman behar izan zuten, idortearen eraginez.
Gogoratu behar da maiatzean H2O-Gurea mugaz gaindiko proiektua onartu zela eta egitasmo honetan parte hartzen du Urdazubiko Udalak, bazkide gisara. Egitasmo honen Hegoaldeko zatia dagokio Urdazubiko ur-hornidura proiektuari, 984.320 euroko aurrekontuarekin. Zati honen %65a Europako Eskualde Garapenerako Funtsetik (FEDER) ordainduko da, %25a Nafarroako Gobernuak eta %10 Urdazubiko Udalak. Gainerako 736.363 euroak, auzoetako biltegiak egokitzeko eta kanalizazioak egiteko erabiliko da eta Nafarroako Gobernuaren eta Urdazubiko Udalaren artean ordainduko dute.
H2O-Gurea mugaz gaindiko proiektua
H2O-Gurea proiektua Agglomération Sud Pays Basque erakundeak gidatzen du eta bazkide gisara daude, Urdazubiko Udalarekin batera, Gipuzkoako Aldundia, Uraren Euskal Agentzia, Servicios de Txingudi S.A, eta Gestión Ambiental de Navarra (GAN) erakundeak. Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren, Adour-Garona Ur Agentzia eta Pirinio Atlantikoen Departamentuaren babesa dauka. Proiektu honekin, edateko uraren hornidura segurtatzeaz gain, uholde-arriskuen aitzinean kudeaketa bateratua egitea eta Bidasoa, Urdazuri eta Urumea ibaien kalitatea hobetu nahi da eta bazkide bakoitzak bere lana dauka.