Gazteen Bertso Eskolen Eguna ospatuko dute igandean Irurtzunen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 5a, 12:02

Gazteen bertso eskolen eguna Lesakan egin zuten duela bi urte.

Nafarroako herri eta eskualde anitzetako 80 gazte inguruk hartuko dute parte egun osoko egitaraua izango duen topaketan

Urtero bezala, ikasturte amaierarekin batera Nafarroako gazteen Bertso Eskolek bere eguna ospatuko dute. Oraingoan, maiatzaren 7an izango da besta, heldu den igandean, Irurtzunen. Egun osoz, 10 eta 18 urte bitarteko ikasleak bilduko ditu egunak, goiz eta arratsaldeko egitarau baten bueltan. 

 

Igandean 11:30ean izanen dute hitzordua Irurtzungo Kultur Etxean, eta orduan emanen diote ikasleek hasiera egitarauari, ezagutza jolasekin. Ondoren, gaztetxoen bertso saioa eta Bertsopaperen Lehiaketako sari emate ekitaldia izanen dira. Bazkal ondotik, berriz, bertsogintzarekin lotutako jolas-dinamiken tartea izanen da, 17.00ak arte.

Klaseko jarduna osatzeko helburuarekin eta ikasleen arteko elkar ezagutza handitu eta harremanak sendotzeko xedez egiten den ekimena da honakoa.

Gaur egun,18 urtetik beherako 302 ikaslek lantzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpo, Nafarroa osoko 33 bertso eskoletan, eta 9 irakasleren jardunari esker. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun