Urrezko Banakako aizkolari txapelketako lehian ariko dira eskualdeko aizkolariak maiatzaren 6an eta 7an

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 5a, 08:43

Donato Larretxea eta Jon Rekondo ariko dira larunbat arratsaldean Getarian.

Larunbatean Getarian Donato Larretxea eta Jon Rekondo izanen dira eta igandean Hondarribian Ruben Saralegi 

Maiatzeko lehen asteburuan Urrezko Banakako Aizkolari txapelketa-Eusko Label Sariko bi saio jokatuko dituzte. Final aurrekoetara igaroko diren azken aizkolariak erabakiko dira larunbatean Getarian eta igandean Hondarribian eginen dituzten jardunaldietan.

 

Maiatzaren 6an, larunbat arratsaldeko 6:30etik aitzinera, Donato Larretxea aranztarra, Jon Rekondo leitzarra, Lezaungo Juan Jose Lopez Azpilikueta eta Beizamako Eneko Otaño ariko dira, Getariko pilotaleku zaharrean. 28 enbor moztu beharko dituzte, lau modalitate ezberdinetan banatuak eta bi lehenbizikoek lortuko dute finalerdietarako sailkatzea.

Maitzaren 7an, igande eguerdiko 12:00etan Hondarribiako Jostaldi pilotalekuan, bertze bi txartelen bila lehiatuko dira Ruben Saralegi leitzarra, Joseba Otaegi zizurkildarra, Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Julen Kañamares III arostegiarra.

Getarian nahiz Hondarribian, harrijasotzen Pastorkua II. Memorialaren bigarren jardunaldiko saio bana eginen dute. Getarian, Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi ‘Urra’ lehiatuko dira eta Hondarribian Aizarnazabalko Xabier Peñagarikano eta Zarautzeko Iñigo Eizagirre. 125 kiloko errektangularrarekin, 113 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin ariko dira, bina minutuko txandetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun