Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketako finalak jokatuko dituzte maiatzaren 5ean

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 4a, 12:07

Ortziraleko jaialdiko aurkezpena, Urriza eta Uterga finalistekin eta ADANO elkarteko eta Remonte Fundazioko ordezkariekin.

Lehen mailako finalean, Urriza eta Etxeberria III, Uterga eta Ionen kontra ariko dira Labriten

Iruñeko Alde Zaharreko laugarren erremonte txapelketako finalak jokatuko dituzte maiatzaren 5ean. Jaialdia, ADANO Minbizia duten Nafarroako haurren Elkartearen lde izanen da. Ortzirale arratsaldeko 6:30etik aitzinera bigarren eta lehen mailako finalak jokatuko dituzte Labriten.

 

Bigarren mailako finalean, Erburu eta Otano, Etxarri eta Azpirozen kontra ariko dira, lauak ere profesional berriak.

Lehen mailako final nagusian, berriz, Urriza eta Joxe Etxeberria III doneztebarra, Xanti Uterga doneztebarra eta Ionen kontra ariko dira. Iazko finaleko protagonistetatik hiruk errepikatuko dute. Iaz Barrenetxearekin txapeldun izan zen Uterga. Orduan Urriza eta Etxeberria III menperatu zituen eta hauek errebantxa gogoz kantxaratuko dira. Finalerdietako ligaxkako partidan 35-32 irabazi zieten Uterga eta Ioni.

 

Elkartasun jaialdia

Aipatzekoa da jaialdia ADANO elkartearen aldekoa izanen dela. Ikusleek 5 euroko txartela erosteko aukera izanen dute, minbizia duten Nafarroako haurren elkarteari laguntzeko eta elikadura produktuen bi lote ikusgarri (Intia, Martiko, Bodegas Olimpia, Embutidos Arrieta, Aceites Sandua, Ogi Pan, M. Etxenike, Lacturale, Erronkari Jatorrizko Izendapeneko gaztak eta Pedro Luis Kontserbak) eskuratzeko zozketan sartzeko. Sariak eta txapelak banatu ondotik eginen dute zozketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun