Minbizia duten haurren alde erremontea hamar hiritara ailegatuko da

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 21a, 10:24

Zirkuitoa aurkezteaz gain, 2016. urteari dagozkion sariak ere banatu zituen Euskal Jai Berri Fundazioak.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ez ezik, Madril, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza, Xixon eta Sorian partidak antolatu ditu Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak

Minbizia duten haurren aldeko erremonte jaialdiak antolatuko ditu ekainetik urrira Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak. Iruña, Donostia, Bilbo eta Gasteizen ez ezik, Madril, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza, Xixon eta Sorian ere ikusiko dituzte erremonte partidak.

 

Zirkuito honetaz gain, bertze hainbat txapelketa ere antolatu ditu Fundazioak, erremonteari bultzada emateko helburuarekin. Honela, apirilean, Iruñeko Alde Zaharreko hirugarren erremonte txapelketa jokatuko da, maiatzean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Saria-VIII Erremonte Kopa, uztailaren 15etik irailaren 30era Nafarroako Foru Komunitatearen XII. Erremonte txapelketa eta abenduko azken hamabortzaldian, Eguberrietako Buruz Buruko XIII. Erremonte txapelketa. Gainera, Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak Oriamendi 2010 enpresarekin batera, San Ferminetako txapelketa ere antolatuko du.

 

Erremontearen bestan sariak

Urteko egitarau zabal hau, erremontearen bestaren baitan jakinarazi zuen Fundazioak. Bertan, 2016an gehien nabarmendu diren erremontelariei ere sariak eman zizkieten.

Sariei dagokienez, Javier Urrizak jasozuen 2016ko erremontelari onenaren saria. Xanti Uterga doneztebarrak jaso zuen aurrelari onenaren saria eta Ion Etxeberriak atzelari onenarena. Erremontelari moldakorrenaren saria Endika Urrutia saldiastarrak eskuratu zuen eta promesarik onenaren saria Xabier Azpirozek.

Sari banaketan izan ziren Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea; Ana Herrera Kultura, Kirola eta Gaztediaren kontseilaria; Ruben Goñi, Kirol eta Gaztediaren Institutuko zuzendaria eta Maitena Ezkutari Turismoko zuzendari nagusia. Horiekin batera, Merche Almiñana ADANO elkarteko presidentea ere izanzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun