Ekimen honek irakurzaletasuna bultzatu nahi du, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera bultzatuz. Ekimenak parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak ematen ditu eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:
1) Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.
2) Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emanen digu, zehaztutako liburu dendan erabiltzeko.
3) Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emanen du. Apirilean eta maiatzean, 30 euroko balioa duen erosketa txeke bana zozketatuko du liburutegiko arduradunak, hilabete bakoitzean irakurketa fitxa bete dutenen artean.
Ekimena iragartzeko prestatu diren esku-orrietan 50 liburu-gomendio sartu dira adin-tarteka sailkatuta.
Bi hilabete eta erdiz martxan, martxoaren 20tik maiatzaren 31ra
Martxoaren 20an abiatu da Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimenaren2017ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, ia bi hilabete eta erdiko iraupena du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 10 artekoa izanen da.
Leitzako liburutegi publikoa eta Doneztebeko liburutegi publikoak parte hartzen dute ekimenean eta liburu dendei dagokienez, Malerrekan Doneztebeko Ostiz liburu dendak, Leitza eta Areso aldean, Maimur eta Astitz liburu dendek eta Goizueta eta Aranorako Hernaniko Elkar liburu dendak.