Igandean jokatu zen Lakuntzako Kultur Etxean 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hirugarren final-laurdena, 200 bertsozale baino gehiagoren aurrean. Sei bertsolari aritu ziren lanean: Egoitz Gorosterrazu (Ituren), Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi (Leitza) eta Iker Gorosterrazu (Ituren). Aipatzekoa da Illarregirentzat txapelketa batean parte hartzen zuen lehen aldia zuela.
Saio puntugarriaren ondotik, Aimar Karrikak eskuratu zituen puntu gehien, 344,5, eta horrenbertzez, martxoaren 26an Agoitzen jokatuko den lehen finalaurrekorako sailkapen zuzena eskuratu zuen. Haren gibeletik sailkatu zen Eneko Lazkoz, puntu erdiko aldearekin. Iker Gorosterrazuk 300 puntu eskuratu zituen, Joanes Illarregik 299,5, Oier Lakuntzak 288 eta Egoitz Gorosterrazuk 263,5. Azken bortz bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen esperoan egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 18 bertsolarik eginen dute aitzinera.
Hurrengo hitzorduak
Heldu den larunbatean izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Iruritako Gizarte Bilgunean, 17:30ean. Han ariko dira Oskar Estanga, Julen Zelaieta (Bera), Amaia Elizagoien (Oronoz-Mugairi), Josu Sanjurjo (Lesaka) Ekaitz Astiz eta Saats Karasatorre. Igandean, berriz, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan jokatuko da txapelketaren bosgarren final-laurdena. 17:30ean hasia, Eneko Fernandez (Lesaka), Ander Fuentes Itturri (Zubieta) Sarai Robles, Xabier Maia (Elizondo), Irati Majuelo eta Oskar Sanz de Acedo ariko dira kantuan. Saio horrekin bukatuko da lehen fasea, eta orduan zehaztuko dira txapelketako finalaurrekoetan ariko diren bertsolarien izenak.
www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke bi saioetarako sarrerak. Iruritako saiorako sarrerak, gainera, Elizondoko Fantxike dendan eros daitezke, eta Uharteko saiokoak Uharteko Kultur Etxean, 17:00etatik 21:00etara. Saioen egunean bertan, gainera, aretoetako leihatiletan ere eskuratu ahal izanen dira, 16:00etatik aitzinera.