Ia 5.000 lagunek bisitatu zuten Bidasoko Trenaren mendeurreneko erakusketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ots. 14a, 07:39

Bidasoko Trenaren mendeurreneko erakusketa Zubietan. Eskualde osoan ia 5.000 lagunek bisitatu dute.

Arrakastatsutzat jo du Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak eta Baztan-Bidasoaldeko Herriko Etxeen lankidetza eta inplikazioa eskertu du

Bidasoko Trena edo Tren Txikitorenmendeurrena dela eta, Irun eta Elizondo lotzen zituen antzinako trena, Cederna Garalurreko Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak, erakunde publiko eta partikularren laguntzarekin, joan den urteko ekaina eta abenduaren artean Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako udalerrietan zehar ibili den erakusketa ibiltaria antolatu zuen.

 

 

Antolatzaileek, esperientzia «hagitz positibotzat» jo dute, ia-ia 5.000 bisitari pasatu baitziren erakusketatik eta bertaratu direnek arras iritzi onak utzi baitituzte bisita-liburuan, erraterako Errusiatik «erakusketa hagitz interesgarria iruditu zait, Baztan-Bidasoko historia eta kulturatik zerbait berria ikasi dudalako. Gainera, honelako erakusketak egitea garrantzitsutzat jotzen dut, kanpotarrek, ni bezala, eta hurrengo belaunaldikoek beraien aranen historia eta horren garapenera eramandako faktoreak ezagutu ditzaten», edo Irundik «eskerrik asko bidasotarrentzat eta mundu guztiarentzat interesgarria den erakusketa honetan dagoen lan eta maitasun guztiarengatik. Lan hau pertsona guztientzako eskuragarri dagoen tokiren batean altxatzea espero dut». 

Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerreka aldeko herriko etxeen lankidetza eta inplikazioa eskertzen du, baita EuskoTren/Euskal Burdinbidearen Museoaren, Manuel Cariñena eta Juan Mari Telletxearen eta Casa Gamioarena ere, balio handiko materiala uzteagatik.

Bidasoako burdinbidea, “Tren Txikito” bezala ezagunagoa, 1898. urtean sortu zen Endarlatsako meatzeak eta Irun lotzeko. 1916. urteko otsailaren 1ean linea Doneztebera zabaldu zen eta beranduago, 1916ko maiatzaren 28an, Elizondora, bidaiariak garraiatzen zituen trenean bihurtuz. 1956ko abenduaren 31ean bere azken bidaia egin zuen, Elizondotik Irunera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun