Denera 26 idazlan aurkeztu dituzte Iruñeko Udalak antolatutako lehiaketara, horietatik 13 narrazio laburrak, 8 poesia lan eta 5 bertso-paper. Kategoria bakoitzean lehen saria 2.500 eurokoa da, bigarrena 1.000 eurokoa eta hirugarrena 500 eurokoa eta 250 euroko aipamenak ere banatu dituzte.
Olerkietan, aipatu bezala, lehen saria Lesakako Iban Garro Altzurik lortu du, Hidris-n aulkia izeneko poesia bildumarekin. Iaz bigarren saria eskuratu zuen lesakarrak eta aldi honetan, «gai eta formaren aldetik poema-bilduma ausarta aurkeztu du, poesia idazteaz, askatasunaz eta bizitzaz hausnarketa egiten duena, geometrian, matematikan, pertsonaia historikoetan, naturan edota familian inspiratutako metafora originalak erabiliz», epaimahaiaren arabera.
Bertso-paperetan, Julio Sotok lortu du lehen saria, alzheimer eritasuna duen pertsona baten ikuspegitik idatzitako Nor naiz? bertso-xortarengatik. Bigarren saria, Berako Julen Zelaieta Iriartek lortu du, 167/1937; isiltasunak itxi arazi zuen auzia lanarekin eta hirugarren saria Eneko Fernandez lesakarrak lortu du, Ongi etorri, Lur! bertsoengatik.