Larunbat goizeko 11etan hasiko da festa, bat-bateko finalarekin. Pilotalekuan izango da saioa. Herrialdeka jokatutako txapelketetan txapeldun eta txapeldunorde izandakoak ariko dira. Nafarroaren kasuan, Leitzako Joanes eta Xabat Illarregi Marzol anaiak izanen dira. Arabatik, Aroa Arrizubieta eta Peru Amorrortu; Bizkaitik, Txaber Altube eta Unai Mendiburu; Gipuzkoatik, Beñat Mujika eta Aizpea Garmendia; Lapurditik, Kerman Diaz eta Nahia Sasco eta Baxenabarretik, Elixabet Etxandi eta Oier Urreizti. Maite Berriozabalek aurkeztuko dizkie gaiak, eta irabazleari Alaia Martinek jantziko dio txapela.
Ondoren, 14:00etan, bazkaria egingo dute Larre-Gain sagardotegian. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren laguntzaz, bertako produktuak izango ditu menuak oinarri: bakailao tortila, bakailaoa, txuleta, gazta eta irasagarra eta kafea.
Egun osoko festa
Bazkalostean jarraitu egingo du festak. Hasteko, kupelen artean ariko dira Eli Pagola eta Agin Laburu bertsolariak. Ondoren, arratsaldeko 18:00ak bitarte, erromeria berezia eskainiko dute Xabier Solanok, Jon Mari Beasainek, Sergio Ordoñezek eta Harkaitz Bastarrikak.