Sormen prozesua herrikoia izanen da eta bi etapatan garatuko da. 2016an zehar prestakuntza garaia izanen litzateke edo 2017ko udaberrian herri emanaldia eginen litzateke. Denboraldi honetan, udaberri hondarrean hasiz, bi tailer eginen dira. Alde batetik, oroimen tailerra eginen da: ekainaren 2 eta 16an, ortzegunetan 16:00etatik 21:00etara Beralandetan espazio bat irekia izanen da, non jendeak garaiari buruz dakiena eta adierazi nahi duena ematera agertzeko modua izanen duen. Joan ezin duenari bisita ere eginen diote. Bildutako testigantza horiek lan artistikoaren inspirazioa izanen dira eta tailerra jendeen arteko ezagutza handitzeko tresna ere.
Ekainaren 9an, ortzegunean, 19:00etan antzerki tailerra martxan jarriko da Beralandetan, arte adierazpenaren bidez garai urrun eta gertuko oroimenak landuz. Tailerrean parte hartzeko bi baldintza eskatzen dituzte: adierazpenerako gogoa izatea eta euskara ezagutzea. Ez da adin mugarik izanen: edozein herritako hau, gazte edo helduek parte har dezakete.
Ekimenen parte hartu nahi dutenek herriantzerkia@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar dute edo Bortzirietako Euskara Mankomunitatera (948 634125) edo Ramon Albistur, ekimenaren zuzendari artistikoari (948 631162 edo 600 393193) deitu.