Martxoaren 19an jokatuko da Etxarri Aranatzen Bardoen finala

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mar. 15a, 08:46
Hiru talde izanen dira larunbatean Etxarri-Aranatzen Bardoak ekimeneko finalean.

Leitzako Atekaberts eta Berako Larungo Antenak taldeekin batera, Iruñeko Obario Maldikoak ariko da

Bi hilabeteren ondotik, Bardoak Nafarroako taldekako txapelketaren hirugarren edizioa  martxoaren 19an ailegatuko da bukaerara. Etxarri Aranazko frontoian jokatuko da finala, arratsaldeko 5tan hasita. 

 

Hiru taldek hartuko dute parte finalean, Iruñeko Obario Maldikoak, Leitzako Atekaberts eta Berako Larungo Antenak. Hortaz, honako bertsolariak dira finalean egongo direnak: Saioa Alkaiza, Aimar Karrika eta Irati Majuelo Obario Maldikoak taldean; Ander Fuentes Itturri, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Migel Mari Elosegi Luze, Atekaberts taldean eta Julen Zelaieta, Aitor Elexpuru, Patxi Castillo eta Jokin Pinatxo, Larungo antenak taldean.

Bardoetan parte hartu duten gainerako taldeetako kideek zein entzuleen botoek erabakiko dute zein talde den Bardoen hirugarren edizio honen irabazlea.

 

Finaleko lana

Finalean honako lana egin beharko dute hiru talde finalistek, taldekideen artean banatuta:

Hasierako agurra, taldeka puntuagarria

1.atala

  • Zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso
  • Zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso
  • Sei puntuko motzean binaka ofizioka hiruna bertso

2.atala

  • Zortziko txikian hiru punturi erantzun
  • Objektu bati bertso bana
  • Gaia emanda doinu eta neurri librean bertso bat osatu, publikoak oinak asmatuz (“potokumeak”)

3.atala

  • Koplak taldeka, bi kideren artean
  • Gaia emanda talde bakoitzeko taldekide banak bi bertso osatu

4.atala

  • Hiru rol desberdinekin eta egoera emanda, hiruko ofizioa, bina bertso osatu arte

5.atala

  • Puntukako saioa taldekideen artean

-  Bukaerako agurra, banaka ez puntuagarria

 

Finaleko sarrerak

Finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. 10 euroan dago sarrera Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, 5 euroan 16 urtetik beherakoentzat eta 12 euroan gainerakoentzat.

Internetez gain, Nafarroako hainbat herritan salgai daude saiorako sarrerak: Etxarri Aranatzen Leku Ona eta Xapatero tabernetan, Iruñean Karrikirin, Leitzan Maimur liburudendan, Beran Kataku ostatuan eta Lesakan okindegian.

Aipatzekoa da erran.eus webgunearen erabiltzaileen artean ere bi sarrera bikoitzen zozketa egin dela eta Alvaro Larunbe (Atarrabia) eta Joxemari Indakoetxea (Zubieta) suertatu dira saridun.

Ohi bezala, finala amaituta triki-poteoa egongo da herrian barna eta amaitzeko Bardoen afaria. Afarirako txartelak ere salgai daude, baina horiek soilik internetez erosten ahal dira eta kopuru mugatua da.

Bardoen finala antolatzeko, Etxarri Aranazko udalaren eta Sakanako bertso-eskolaren laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Urtarrilaren 22an abiatu zen Bardoen aurtengo edizioa eta osotara 23 saio jokatu dituzte Nafarroan barna. 121 parte-hartzaile izan dira 16 taldetan banatuta, horietatik 71 bertsolari zirela. Hirugarren edizio honetan bardoak eremu berrietara zabaldu dira eta lehen aldiz Lizarran, Altsasun eta Aurizberrin taldeak atera dituzte.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun