Bardoak ekimeneko hiru saio eginen dituzte asteburuan eskualdean

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 27a, 07:45
Umorea izanen da nagusi bigarren asteburuan ere. Argazkian, joan den ortziralean Berako Katakun egindako saioa.

Ostiral gauean Leitzako Atekabeltz Gaztetxean eta igandean bi saio Lesakako Arranon

Joan den asteburuan abiatu zen Bardoak Ekimena eta eskualdean ere aditu ziren lehen saioak, Donamarian eta Beran. Bigarren asteburu honetan ere bertsolariak aditzeko aukera izanen da, ilbeltzaren 29an Leitzan eta ilbeltzaren 31n, igandean saio bikoitza Lesakan.

 

Ilbeltzaren 29an, ostiralean 22:00etan bertso-saioa eskainiko dute Atekabeltz gaztetxean Leitzako Atekaberts (Ander Fuentes Itturri, Joanes Ilarregi eta Xabat Illarregi) eta Barañaingo Barañetak taldeek. Migel Mari Elosegi ‘Luze’ izanen da aurkezlea.

Ilbeltzaren 31n, igandean, bi saio izanen dituzte Lesakan. 12:00etan Arranon eginen den bertso-saioan Lesakako Unibertsolariak (Josu Sanjurjo, Jose Juan Zubieta Etxabe, Jon Silveira eta Iban Garro) eta Altsasuko Bota lasai (Aitziber Grados, Idoia Granizo, Ekain Alegre eta Joxema Leiza) izanen dira aurrez aurre. Garazi Condek eta Ainara Etxabidek aurkeztuko dute saioa.

Igandean 15:30ean Arranon bertan eginen den saioan Lesakako Tantirubertso (Eneko Fernandez, Ioar Tainta, Maddalen Lopez eta Iñigo Olaetxea) eta Leitzako Atekaberts (Ander Fuentes Itturri eta Joanes eta Xabat Illarregi anaiak) ariko dira. Maialen Belarra izanen da aurkezlea.

Lesakako bi saioen artean bazkaria eginen dute Arranon. Saioaren sarrera 3 eurokoa da eta bazkaria eta saioarena 10 eurokoa. Izen emateko Bortzirietako bertso eskolarekin harremanean jarri behar da: bortzibertso@gmail.com

  

Etxetik kanpo

Eskualdeko taldeek etxetik kanpo ere jokatu beharko dute asteburu honetan. Ortziral aratsaldean Iruñeko Zaldiko Maldikon ariko da Iluminatiums taldea (Amaia Elizagoien, Iker Gorosterrazu eta Alazne Untxalo) Obario Maldikoak taldearekin. Leku berean, igande arratsaldeko bertso-merenduan ariko dira Berako Larungo Antenak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru eta Jokin Pinatxo) eta Iruñeko Mirristi Drimtim.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun