Errekaren Mendiaren Eguna arrakastatsua izan da aurten ere

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abe. 22a, 07:20
Bonozorrotzera joan ziren Errekako mendizaleak larunbat goizean.

Bonozorrotz mendira igoera eta, batez ere, Carlos Soriaren mintzaldia jendetsuak izan ziren

Giro ederrean eta eguraldi bikainarekin joan zen larunbatean Donezteben Erreka elkartearen Mendiaren Eguna. Batez ere arratsaldean Carlos Soriak emandako solasaldia jendetsua izan zen eta bertze behin ttiki gelditu zen zinema mendizale handiaren ikusentzunekoa ikusi eta bere solasak aditzeko.

 

Mendiaren Eguna goizean abiatu zen, beti bezala Errekak Bonozorrotzen daukan buzoia bisitatuz egindako mendi ateraldiarekin. Hogei bat lagun joan ziren kaxkora, hamaiketakoa egin zuten Uztakortan. Herrira bueltan, mendizaleen poteoa egin zuten, Belarra jatetxeko bazkari bikainaren aitzinetik.

Erran bezala, eguneko plater nagusia Carlos Soriak eskainitako solasaldia eta Alpinismoa 70 urte bete eta gero ikusentzunekoa izan zen. Mendizaletasunaren historiaren errepasoa egin zuen Madrilgo mendizale famatuak ordu eta erdiz, bidenabarkoa argazki eta bideo ikusgarriak ikusiz. Hain zuzen Soriak berak 70 urte bete eta gero igo dituen mendien berri eman zuen, tartean 7.200 metro dituen eta lehen aldiz igo den Dome Kang mendia, Gasherbrum I, Manaslu eta Kangchenjunga eta udazken honetan egin duen Ama Dablanera azken igoera, lurrikararen ondotik Nepaleri eskainitako laguntza atzendu gabe.

Jendea gustora egon zen mendizalea aditzen eta honek galderak ere gustora erantzun zituen zineman, giro ederra sortuz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun