erran.eus

Karbono Aztarnaren Ziurtagiria jaso du Transbidasoa garraio enpresak

  Ekonomia  Mendialdea

Negutegi efektuko isurpenak ezagutu eta kontrolatzea ahalbidetzen duten enpresa-praktiken errekonozimendua Manu Ayerdi presidente ordearen eskutik jaso du

Alkaiagan egoitza nagusia duen Transbidasoa errepideko garraio enpresak AENORek ematen duen Karbono Aztarnaren Ziurtagiria jaso du azaroaren 23an, Nafarroako Gobernuko Manu Ayerdi presidente ordearen eskutik. Agiri honek, bertze abantailen artean, enpresaren isurpenak ezagutzea eta kontrolatzea ahalbidetzen du eta honela, bere sinesgarritasuna eta konpetibitatea hobetu.

Karbono Aztarnaren Ziurtagiria jaso du Transbidasoa garraio enpresak
Ezker-eskuin: Emilio Flamarique (AENOR), Jose Antonio Mariezkurrena eta Miguel Etxezarreta (Transbidasoa) eta Ayerdi presidente ordea. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Ziurtagiriaren banaketa Garapen Ekonomikokorako Departamentuan egin zen eta bertan izan ziren, Nafarroako Gobernuko presidente ordearekin batera, Jose Antonio Mariezkurrena eta Miguel Etxezarreta, Transbidasoako presidentea eta zuzendari nagusia, baita Emilio Flamarique ere, AENOReko zuzendaria Nafarroan.

Ziurtagiri honek, Transbidasoaren Karbono Aztarnaren kalkuluaren egiazkotasuna ziurtatzen du, ISO 14064-1 Arauan oinarritua. Ayerdi presidente ordeak gogorarazi zuenez, “Nafarroaren garapenak jasangarria izan behar du, ekonomikoki bideragarria eta konpetitiboa, gure ingurumena zainduz, eta hori ez dugu bakarrik lortuko, lurraldeko enpresa ehunarekin batera lan eginez baizik”.

 

Transbidasoa

Transbidasoa S.A. 1976an sortu zen, eta estatu barneko nahiz nazioarteko errepideko garraioan, zerbitzu logistikoan eta biltegiratzean ari da geroztik. Alkaiagan dauka egoitza nagusia eta karga osoan estatu mailako enpresa garrantzitsuenetakoa izateaz gain, nazioartean ere aunitz zabaldu da. 1998an Kalitate Kudeaketako Ziurtagiria jaso zuen, ISO 9001 Arauaren arabera, sektore honetan gisa honetako ingurumen ziurtagiria jaso zuen lehenbizikoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa