Bera eta Doneztebe aurrez aurre Nafarroako Herriarteko pilota txapelketan

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 8a, 11:01
Joan den urtean ere aurrez aurre izan ziren Bera eta Doneztebe Herriartekoan.

Bigarren mailan, berriz, Goizuetak jokatuko du aspaldiko partez

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa “derbiarekin” hasiko da, Bera eta Doneztebe izanen baitira aurrez aurre maiatzaren 8an, ortziral arratsaldeko 7etatik aitzinera Berako Eztegara pilotalekuan.

Halere, gazte mailako partida Lesakan jokatu zuten maiatzaren 5ean, larunbatean Espainiako txapelketa jokatu beharra duelako Donezteberen izenean ari den Bakaikoak. Asteartean Lesakan jokatutako partidan, Berako Andoni Lazkanotegik eta Iñigo Martinezek 22 eta 10 irabazi zieten Doneztebeko Bakaikoa eta Medinari. Lazkanotegik eskutik juxtu xamar dabilen Ander Errandonea ordezkatu zuen, eta tantu ederrak lortu zituen, gibelean Martinezek Medina dominatu zuela aprobetxatuz.

Ortziralean, 7etan Eztegaran jokatuko diren partidei dagokienez, kimu mailan Berako Unax Villamea eta Jon Pagola, Doneztebeko Ruben Saldias eta Beñat Zubizarretaren kontra ariko dira. Haurrak mailan, Berako Mikel Eltzaurdia eta Asier Telletxea, Doneztebeko Enaitz Telletxea eta Gaizka Agirreren kontra eta senior mailan, Berako Beñat Mitxelena eta Jon Olaizola, Doneztebeko Xabi Jaunarena eta Jon Gorritiren kontra.

Bera eta Donezteberekin batera, Burlata, Lizarra eta Iruña ari dira Nafarroako Herrietako txapelketako lehen mailako kategorian. Bortz jardunaldi jokatuko dituzte eta sailkapeneko lehenbizikoak laugarrenaren kontra eta bigarrenak hirugarrenaren kontra jokatuko dituzte finalerdiak.

Bera da gaur egun Nafarroako eta Euskal Herriko herriarteko txapelduna.

 

Aspaldiko partez Goizueta bigarren mailakoan

Hainbat urtez txapeldun izan zen Goizueta Nafarroako Herriarteko pilota txapelketan, baina aspaldiko urteetan ez zuen parte hartu. Aurten, ordea, bigarren mailan lehiatuko da eta lehenbiziko jardunaldia maiatzaren 9an, larunbat arratsaldeko 5etan jokatuko dute Atarrabiaren kontra Goizuetako pilotalekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun