Mieltxo Mindegia Urrezko Banakako aizkolari txapelketako kanporaketan ariko da

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 21a, 12:37

Mieltxo Mindegiak Banakako Urrezko Aizkolariak txapelketako kanporaketa izanen du Arabako Errioxan.

Apirilaren 23an, igandean 12:30ean Arabako Elvillar herrian ariko da zubietarra 

XX. Urrezko Banakako aizkolari txapelketa ‘Eusko Label’ Sariaren baitan, bosgarren jardunaldi-kanporaketa jokatuko da apirilaren 23an, igande eguerdiko 12:30ean Arabako Elvillar herriko Viña Laguardia upategian. Kupel artean ariko diren sei aizkolarietako bat eskualdekoa izanen da, Mieltxo Mindegia zubietarra.

 

Mindegiarekin batera hiru gipuzkoar (Ibarrako Jesus Mari Mujika, Aizarnako Luis Txapartegi eta Zumarragako Julen Aranberri Elorriaga II) eta bi espainiar (Segoviako Valsain herriko Juan Angel Toledano eta Rubén España) ariko dira lehian.

Hiru modalitatetan lehiatuko dira aizkolariak. Lehenbiziko fasean hiruna aizkolariko bi talde eginen dituzte eta, lehenik, aizkolariek kanaerdikoa erlojuaren kontra moztu beharko dute eta gero, eta 54 eta 60 ontzako enbor bana abiaduran moztu beharko dituzte. Bigarren fasean, multzo bakoitzeko bi lehenbizikoak ariko dira lehian: zutik jarritako kanaerdikoa moztu beharko dute eta gero, lehen fasean bezala, 54 eta 60 ontzako enbor bana moztu beharko dute. Bi lehenbizikoek lortuko dute hurrengo faserako sailkatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun