Saray elkartearen aldeko kontzertuan parte hartu du Mendi Abesbatzak Iruñean

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 4a, 11:52

Mendi abesbatzakoak, Iruñeko Gayarre antzokiko oholtzan.

Bularreko minbiziaren aurka lan egiten duen elkartea babestu du Doneztebeko abesbatzak apirilaren 1ean Gayarreko emanaldian

Apirilaren 1ean Iruñeko Gayarre Antzokiak ongintzako kontzertu berezia hartu zuen, bularreko minbiziaren aurka lan egiten duen Saray Emakume Taldearen alde. Bertan Burlatako Hilarión Eslava Eskolako Haurren Abesbatzak, San Martin de Unx-eko Abesbatzak eta Doneztebeko Mendi Abesbatzak hartu zuten parte.

 

Gayarre Antzokiak berezkoak ditu xarma eta dotorezia, eta horiek berek ezin hobe definitzen dute kontzertuan bizitakoa, halako leku ederrak lagunduta. Musika izan zen protagonista noski, baina baita irriak, negarrak, aspaldikoen topatzeak, eta batez ere, antzokia gainezka betetzeko sekulako ilusioa. Eta zorionez, halaxe izan zen.

Kontzertuan zehar obra aunitz eta anitzak entzun ziren, talde bakoitzak bere onenen artean aukeratuta. Baina horretaz gain, guziek bat egin zuten azkeneko bi kantak abesteko: Kolonbiako ‘Aprendiendo a vivir’ doinua eta Mikel Markezen ‘Konplize ditut eta’. Azken doinu hau Saray taldeko bederatzi kidek bakarrik hasi zuten, poliki poliki gainerakoak gehitzen joan zitzaizkien, eta dudarik gabe, hemen sortu zen eguneko momentu hunkigarriena.

Saray taldetik sarrera erosi zuten guziei eskerrik beroenak eman nahi dizkiete, eta baita ekitaldia gauzatu zedin lan egin zuten guziei ere: abesbatzak, Saray taldeko kideak, Antzokiko langileak…. «Bularreko minbizietan zein antzeko prozesu gogorretan, musika gure bihotzean sartzen utzi behar dugu. Mina arintzen eta pasatzen laguntzen du, momentu latzena leunduz. Bizitzaren hautsa arimatik eraman egiten du musikak». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun