Doneztebeko Merkatarien Karrikako 6. zenbakian dago bulegoa, eta astelehenetik ortziralera 08:30etik 14:30era egonen da irekita zergadunen arretarako. Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile bat, administrazioko laguntzaile bat eta PFEZ zergaren maila ertaineko teknikari bat jarri ditu zona horretan Nafarroako Zerga Ogasunak.
Esperientzia pilotua da, uztailera artekoa, 2016ko Errenta eta Ondare Aitorpenarekin lotuta dagoena. Erregistro Ofizial gisa jardungo du bulegoak, eta Iruñeko, Lizarrako, Tafallako eta Tuterako zergadunen arretarako gainerako bulegoetan egin daitezkeen tramite berberak egin ahal izango dira, baita PFEZ aitorpenak ere.
Halaber, mugako langileen eta batasuneko eragiketen fiskalitateari buruzko informazioa ere emanen du Ogasunak Donezteben; izan ere, bere kokaleku geografikoagatik, bereziki eragiten diete gai horiek eremu horretako zergadunei. Nafarroako Zerga Ogasunaren webgunean jarri da informazio hori.
Datorren ortzegunean emanen dituzte 2016ko Errenta eta Ondare Aitorpeneko Kanpainari buruzko xehetasunak; kanpaina hori akitu ondotik, emaitzak aztertuko dituzte eta bulego horrek martxan segitzearen bideragarritasuna aztertuko da.