Ortzirale arratsaldeko 4:30ean haurrek eman zioten hasiera Asteburu Kulturalari txokolatada eder batekin eta Jokulandiaz gozatzeko aukera izan zuten. Arratsaldeko 7:30ean Ulibeltzak elkartera bildu ziren ikusle guztiak Alicaté (la gramola del amor) ikusteko, aditzeko eta muxu aunitz emateko aukera izan zen. Bikote bikaina eta ikuskizun paregabea. Ondotik afari autogestionatu ederraz gozatzeko aukera izan zen. Bustitzen mus txapelketa izan zen eta 6 bikotek parte hartu zuten. Irabazleak Jon Mitxelena eta Mikel Etxekolonea izan ziren eta bigarrenak Agurtzane Zubieta eta Gorka Arretxea. Larunbatean, eguraldi txarrari aurre eginez, gutti batzuk elkartu baziren ere beraien mendi ibilaldia egin zuten Suspirora, bertako bordan gosaldu eta buelta. Goiz eta arratsaldean haurrek berriz ere Jokulandiak ekarritako koltxoneta, zezena, bizikletak, eta bertze jostailuetan ibili ziren. Arratsaldean txintxon (12 partehartzaile) eta mus txapelketa (6 bikote) jokatu ziren Fonda ostatuan. Txintxonean irabazlea Jon Aranbillet izan zen, bigarrena Unai Bereau eta hirugarrena Maxux Maritorena. Musean, berriz, Jaione eta Josune Otxandorena izan ziren irabazleak eta bigarrenak Luzio Irazoki eta Iker Espelosin.
Ondoren trikipoteoan ibili ziren herrian barna eta ondoren 50 lagunek Ariztigain kanpinean afaria eta juerga egiteko aukera ederra izan zuten.
X. Artisau feria eta gazta lehiaketa igandean
Igandean, X. artisau feria eta gazta lehiaketa frontoian egin zen. 11.30ean herriko dantzariek beraien emanaldia eskeini zuten frontoi atzekaldeko plazan. Arratsalde partean berriz ere feria ikusteko aukera izan zen. Guztira 25 artisau zeuden beraien artean Sunbillako talogileak. Hauek lan bikaina egin zuten egun guztian zehar, zeukaten guzti guztia salduz. Arratsaldeko 7etan zare eder baten zozketa izan zen eta gazta lehiaketaren sari banaketa egin zen. Gazta lehiaketan lehenengo saria, iaz bezala, Migel Anzizar eta Koro Elizondoren gazta suertatu da (saria Oier Petrirena ilobak jaso zuen). Bigarrena, Estamoa baserriko Maxux Maritorenarena, eta hirugarrena Xibolako Xanti Espelosin-ena. Zare ederra berriz Eneritz Lantzek eraman zuen. Guztira 1000 boleto saldu ziren.