Etxeberria anaiak nagusitu dira labaiendarren arteko aizkora apustuan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mar. 20a, 10:36

Ezkurra pilotalekuko harmailak bete ziren labaiendarren arteko apustua ikusteko.

Pello eta Jon Telletxeari 3 minutu eta 25 segundoko aldea atera zieten, 500 lagun bildu zituen Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan

Beintza-Labaiengo lau aizkolarik indarrak neurtuzituzten martxoaren 19an, igande eguerdian Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan egindako apustuan. Jesus Etxeberria eta Miguel Angel Etxeberria anaiak alde batetik, eta Pello Telletxea eta Jon bertzetik, aritu ziren. Bikote bakoitzak hamar kanaerdi eta lau oinbiko enbor moztu zituen eta jokoan jarritako 2.000 euroak Etxeberria anaiek eraman zituzten, nagusitasunez irabazi ondotik. 500 lagun bildu ziren apustua ikustera.

 

Martin Mindegia, izan zen Etxeberria anaien erakuslea eta Hilario Mindegia , beriz, da Telletxeatarren erakuslea. Felix de Miguel eta Angel Telletxeak egin zituzten epaile lanak.

Hasieratik hasi ziren Jesus eta Miguel Angel Etxeberria nagusitzen. Lehen kanaerdikoan 16 segundo aitzinetik izan ziren eta pixkanaka aldea handitzen joan ziren. Lan erdietan, 5 kanaerdiko eta bi oinbiko moztu zituztenean, Etxeberriatarrek 2 minutu eta 21 segundoko abantaila zuten.

Azkenean 45 minutu behar izan zituzten lanak burutzeko. Jon eta Pello Telletxeak 3 minutu eta 25 segundo gehiago behar izan zituzten, 48 minutu eta 25 segundo. Kanaerdiko baten eta bertzearen erdiaren aldea.

 

Denborak enborrez enbor

Enborrez enbor hauek izan ziren Jesus eta Miguel Angel Etxeberriaren denborak: 1.49, 3.41, 5.40, 7.53, 10.10, 15.26, 20.37, 23.13. 28.22, 34.21, 37.05, 39.47, 42.35 eta 45.00. Jon eta Pello Telletxearen denborak, berriz, hauek izan ziren: 2.05, 3.58, 6.01, 8.23, 11.06, 17.13, 22.58, 25.46, 31.31, 37.43, 40.42, 45.13, 45.31 eta 48.25.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun