Euskal Herriko Herriarteko txapelketaren finalerako txartela lor dezake Doneztebek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko uzt. 14a, 08:40
Doneztebeko ordezkaritzak emaitza ona lortu zuen joanekoan. Ortziralean Markinan lor dezake Euskal Herriko Herriarteko txapelketaren finalerako txartela.

Joanekoan 2-1 irabazi zion Markinari eta uztailaren 15ean jokatuko dute itzulerakoa Markinan

Doneztebek abantaila hartu du Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketaren finalerdian. Donezteben jokatutako joaneko partidan 2-1 irabazi zion Bizkaiko ordezkaria den Markinari eta 21 tantuko aldea lortu zuen bere alde. Orain, uztailaren 15ean jokatuko dute itzulerakoa Markinan. Irabazleak, Zigoitia (Araba) eta Azpeitia (Gipuzkoa) bertze finalerdiko irabazlearen kontra jokatuko du finala.

 

Igandean Donezteben jokatutako partidei dagokienez, galduz hasi ziren Doneztebekoak. Kadete mailan, Enaitz Telletxeak eta Gaizka Agirrek 15-22 galdu zuten Markinako Aimar Ibarloza eta Iosu Agirremalloaren kontra. Hasieran berdindua joan zen partida, baina 8-18 aitzinetik jarri ziren bizkaitarrak. 15-19ra hurbildu ziren etxekoak, baina ez zen bueltarik izan.

Jubeniletan, aldiz, Doneztebeko Iker Salaberria eta Jon Mariezkurrenak 22-3 irabazi zieten Markinako Jon Beeikua eta Ander Malexetxeberriari. Markagailuak erakusten duena baino lan gehiago egin behar izan zuten Doneztebeko ordezkariek.

Senior mailan, azkenik, Joanes Bakaikoak eta Jon Gorritik 22-13 irabazi zieten Markinako Kepa Albizu eta Mikel Urizarri. Hasiera berdinduaren ondotik, 7-11 eta 8-12 aitzinetik izan ziren bizkaitarrak, baina hameka tantu segidan egin zuten etxekoek (19-12). Bertze tantu bat lortu zuten markinarrek, baina azkenean garaipen garbia izan zen Doneztebekoentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun