Joaldunak prest daude inauteri giroa Aurtiz, Ituren eta Zubietan hedatzeko

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urt. 28a, 09:42

Joaldunak harat-honatean ibiliko dira astelehenean eta asteartean.

Astelehenean Zubieta eta Aurtiztik Iturenera joanen dira eta asteartean, Zubietan bilduko dira

Inauteriak gain-gainean ditugu eta Ituren, Aurtitz eta Zubietan joare soinuak somatzen hasiko dira urtarrilaren 28tik aitzinera. Ortzegunean puskak bilduko dituzte etxez-etxe Ituren eta Aurtitzen, baina Zubietan, igandean aterako dira lehen aldiz puxkak biltzera. Hala ere, astelehena eta asteartea izaten dira egun haundiak, eskean ez ezik joareak eta mozorroak ere desfilean ibiltzen direnak. 

 

Otsailak 1, astelehena

Goizean Zubietako joaldunek, mozorro eta karrozek lagunduta, bisita eginen diete aurtiztarrei. Herriari bira eman eta salda beroa hartu ondotik Iturenera joanen dira. Lasagako Zarandia parean, Iturengo joaldunekin elkartu eta herrian barna buelta emanen dute. Joaldunek aperitiboa hartzen duten bitartean, Iturengo plazan karroza bakoitzak eta mozorroek beren ikuskizuna eginen dute, joaldunek uxatu baino lehen.

 

Otsailak 2, asteartea

Goizean Ituren eta Aurtizko joaldunek bisita bueltatuko diete zubietarrei.

 

Otsailak 3, asteazkena

Zubietan  hau izaten da inauterietako azken eguna. Eguerdian bazkaldu ondotik kontuak egiten dira. Ondotik joa­reak jarri eta Aurtitz eta iturendarrei azken bisita egiten zaie ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrek  berriz asteazkenean bazkaria izanen dute eta arratsaldean etxez etxe ibiliko dira joare eta trikitilariekin.  Ondotik afariak izanen dira elkarteetan.

 

 

Otsailak 6 eta 7, larunbata eta igandea

Kontuen eguna da Iturenen inauterietako azkena. Egun horretan ez da joa­rerik jo­tzen. Inauteriak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen, eta Aurtizen igan­dean. Iturenen bazkaria izanen dute Herriko Etxe­ko ganbaran. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzarien saioa eta ber­tsolariak eta aizkora apustua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dan­tzaldia eta kontuen afaria. Aurtizen xaharren afaria eginen dute igandean.

Erlazionatuak

Ihauteriak Aurtizen

Xorroxin irratia 2016 urt 28 Malerreka

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun