PSNko zerrendaburuak botu bakarra jaso zuen larunbateko kargu-hartzean, nahiz hiru zinegotzi lortu
Larunbateko kargu-hartze ekitaldietan ezustea gertatu zen Donezteben. Udal hauteskundetan, 9 zinegotzietatik 6 lortu zituen EHBilduk eta 3 Alfredo Zugarramurdi independientea buru zuen PSNk. Hortaz, garbi zegoen EHBilduko Xanti Uterga izanen zela alkate baina, gainera, 9 zinegotzietatik 8ren botua jaso zuen ustekabean.
Alfredo Zugarramurdik bere buruari botua eman zioenez, Raquel Elorza eta Alicia Agesta taldekideek Xanti Utergari bozkatu zioten. Zugarramurdik aipatu duenez, «akatsa izan zela diote, baina egia errateko, ez naiz babestua sentitu». Horregatik, ekainaren 15ean dimisioa eman zuen, «arrazoi pertsonalengatik». Seguruenik, Koldo Garciak hartuko du Alfredo Zugarramurdiren lekua Doneztebeko udalean.