Maiatzaren 21ean eginen dute Berako XIII. Mendi Itzulia

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 15a, 11:07

Berako Mendi Itzuliko ibilbidea eta profila.

28 kilometro inguruko bi ibilbide izanen dira aukeran, horietako bat Larunera igo gabe 

Bi urtetik behin egiten den hitzordu haundia ate joka dugu, igande honetan, maiatzak 21, eginen baita Agerra mendi taldeak antolatutako Berako Mendi Itzulia. Aurtengoa hamahirugarren edizioa izanen da eta mendizaleek 28 kilometro eta 1.750 metroko desnibela duen itzulia egin beharko dute. Larunera igo gabe egiteko aukera ere izanen da eta bigarren aukera honetan, 1.250 metroko desnibela izanen dute.

 

Mendizaleak Agerratik aterako dira eta Zigo­rriagarako bidea hartuko dute. Gero, Manttaletik pasata Ibardinera joanen dira eta Eren­tzunera igotakoan In­zolara jautsiko dira. Gorako bidea hartuko dute berriz ere, Iesolatik pasatzeko. Ibilbideko punturik gailurrena zapaldu beharko dute gero mendizaleek: Larun. Hemendik Lizuniagara jautsiko dira eta Larretagainatik pasatakoan hasitako tokian bukatuko dute itzulia, Agerran.

Izen-ematea egun berean 06:00etatik 07:50 bitarte egin daiteke edo bertzela ortzirala baino lehen www.mendizmendi.com web orrian. Mendi itzulia, be­rriz, 07:00etatik 08:00etara aterako da. Parte hartzeko federatuek 10 euro eta federatu gabeek 12 euro ordaindu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun