Argazki Rallya antolatu du Beti Gaztek bigarren aldiz Lesakan maiatzaren 14an

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 12a, 08:42

Ura gaiarekin, joan den urtean aurkeztutako lanetako bat.

Bilduma onenak 150 euroko saria izanen du 

Lesakako Beti Gazteko argazkilari taldeak bigarren aldiz argazki rallya antolatu du maiatzaren 14an. Rallya­ren hasieran jakitera emanen diren bortz gairen inguruko argazkiak aurkeztu beharko dira. Bilduma onenari 150 euro eta diplomako sari berezia emanen zaio eta gai bakoitzeko irabazleak 75 euro eta diploma izanen du. 16 urte artekoen argazki onenari ere saria emanen zaio.

 

Argazki digitalak Lesakako udal-barrutian egin beharko dira, JPG kalitate goreneko formatoan eta rallyaren hasieran txartela hutsik izan beharko dute argazkilariek. Maiatzaren 14an, igande goizeko 9etatik 10etara egin beharko da izen ematea Beti Gazten. 10 euro ordaindu beharko da izen ematerakoan, baina 16 urte baino guttiago dutenek doan parte hartzen ahal dute. Partehartzaile bakoitzak, gehienez, 36 argazki entregatu ahalko ditu. Rally­aren akaberan, 13:00etatik 14:00 arte argazkiak deskargatuko dira Beti Gazte elkartean.

Lehiakide bakoitzak gai bakoitzeko argazki bat hautatuko du eta maiatzaren 21a baino lehenago betigaztefoto@gmail.com helbidera bidali beharko ditu.

Epaimahaia profesionalez eta antolakuntzako kide batez osatuta egonen da eta epaia www.betigazte.net web­gunean argitaratuko da, argazki onenak bezalaxe. Sari banaketa eta irabazleen argazki emanaldia Beti Gazte elkartean eginen dira ekainaren 3an, 19:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun