Gizonezkoen 320 kiloko kategorian Beti Gazte da eskualdeko ordezkari bakarra eta lesakarrak nagusitu ziren etxeko saioko tiraldi guztietan (5 puntu), Txantrea bigarren izan zen (4 puntu), Berriozar A (3 puntu), Berriozar B (2 puntu) eta Antsoain (puntu 1) gibelean utzita.
Emakumezkoetan ere Beti Gazte da eskualdeko ordezkari bakarra eta bigarren postuan berdindu zuen Berriozarrekin (hiruna puntu eta erdi). Txantrea nagusitu zen (5 puntu) eta gibelean utzi zituzten Kaskallueta (2 puntu) eta Antsoain (puntu 1).
20 urtez beheitiko kategorian ez da eskualdeko tiralaririk. Berriozar izan zen txapeldun (3 puntu), Araxes eta Ultzamaren aitzinetik. Kadetetan, Baztango Basaburuak bi talde kantxaratu ditu eta Lesakan Basaburua A eta Araxesek berdindu egin zuten sailkapen buruan (3,5 puntu), Basaburua Bk 2 puntu eskuratu zituen eta Berriozarrek bakarra.
Maiatzaren 13an Antsoainen txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute kategoria guztietan. Gainera, 320 kiloko gizonezkoek eta 255eko emakumezkoek finala ere jokatuko dute.
Maiatzaren 20an Larraintzarren eta maiatzaren 27an Berriozarren jokatuko dituzte ondoko jardunaldiak, gizonezkoak 300 kiloko kategorian eta emakumezkoak 235 kiloko kategorian.