Ignacio Zalakain oiartzuarrak atera du Bidasoko Lehenbizikoa

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 2a, 10:40

Ignacio Zalakain, Bidasoko Lehenbizikoarekin, Berako Ehiza eta Arrantza Elkartearen oroigarria jaso zuen, Lorenzo Jaurena presidentearen eskutik.

Maiatzaren 1ean, sasoia irekitzen zen egunean, goizeko 7etan atera du 4,7 kilo eta 80 zentimetro luze zuen arraina

Denboraldia ireki eta hamabi minutu nahikoak izan ditu Oiartzunen sortu eta Lezon bizi den Ignacio Zalakain arrantzaleak aurtengo denboraldiko lehen izokina ateratzeko. Ignacio Zalakainek urteak daramatza arrantzan, amuarrainetan lehenik, eta izokinetan ondoren. Endarlatsa parean arrantzatu du 4,7 kiloko eta 80 zentimetro luzeko arraina, maiatzaren 1eko goizeko 7:12ean.

 

Kutxarila erabiliz lortu du lehenbiziko izokina arrantzatzea. Izokin arra eta basatia zen, ez baitzuen txipik ezta hegal mozturik ere.

Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko Lorenzo Jaurena presidenteak saria eman dio Zalakaini lehen alea harrapatzeagatik. Izokina, berriz, Donostiako Errekondo jatetxeak erosi du, 1.800 euroren truke. Gustura agertu da Zalakain bera: «Tratua egin dugu, eta pozik geratu naiz. Halakoak gutxitan lortzen dira». Denboraldiko lehen izokina soilik sal daiteke, gainontzekoak ezin dira merkaturatu.

Endarlatsako presa bota dute aurten eta hortaz, arrantzaleak sakabanatuagoak zebiltzan ibai bazterrean

Aurten, denera 78 izokin arrantzatu ahal izanen dituzte Bidasoan, azken urteetan baino guttiago. Kopuru horretara ailegatutakoan bukatuko da sasoia, edo, bertzenaz, uztailaren 31n. Aurten, lehen aldiz, arrantzale bakoitzak gehienez hiru izokin arrantzatzeko modua izanen du sasoi osoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun