Udaberriko bestak ate joka dituzte Igantzin

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 21a, 12:41
Udaberriko bestak bukatzeko, Siriako errefuxiatuei buruzko solasaldia eskainiko du Jjoan den urtean Grezian boluntario izan zen Joxean Ortega irakasleak (ezkerrean)..

Aurten Liburuaren Eguna ere ospatu dute apirilaren 23an, baina apirilaren 28tik maiatzaren 1era izanen dira ekitaldi gehienak

Urtero bezala, prest ditu Igantziko Euskara Batzordeak Udaberriko Bestak. Aurten, gainera, Liburutegiko Taldeak Liburuaren Eguna antolatu du apirilaren 23an, igandean. Eskulanak, ipuin kontalaria, pintxo pote berezia eta haurrentzako pelikula izan zuten. 

 

Apirilaren 28an, ortzirala, Manu Eziolazaren hitzaldia izanen da Biltokin, 19:00etan. Eziolaza urte aunitzetan Igantziko medikua izan zen, eta orain Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko presidentea da. Herrira eginen duen bisita honetan “Heriotz duina eta bizi testamentua” gaiaren inguruan solastuko da.

Apirilaren 29an goizeko 11:00tan dantza-jazz emanaldia izanen da frontoian. Arratsaldean, 16:00etan hasita, haurrentzako tailerrak eginen dira frontoian, eta ondotik txokolatada izanen dute.

Apirilaren 30ean, igandearekin, eskolako ikasleek beren urteroko antzerki emanaldia eskainiko dute Baratzondon, 18:00etan. Ondotik, 19:30ean hasita, pintxo potea izanen da, herriko trikitilariek girotua.

Maiatzaren 1ari gaiteroek emanen diote hasiera, karrika bueltarekin. Gero, 12:00etan, berriz joko dute, herriko dantzarien saioarekin batera. Bestei akabaila emateko, Siriako errefuxiatuei buruz solasaldia izanen da Eskolzarren, 19:00etan, Joxean Ortegaren eskutik. Joxean herriko eskolako irakaslea da, eta joan den udan Grezian ibili zen, Nafarroako suhiltzaileekin batera, errefuxiatuei laguntza ematen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun