Arantzako II. Mendi Lasterketa eginen dute apirilaren 23an

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 19a, 12:12

Dani Iparragirre aranztarra hirugarren izan zen iaz.

Larunbatean ‘Gutik Zura’ dokumentala eskainiko dute 17:00etan eskolan

Aspaldixkotik iragarri­ bezala, igandean, apiri­lak 23, Arantzako II. Mendi Lasterketa izanen da. 08:00­e­tatik 09:00etara dortsalak banatuko dituzte eta 09:30ean hasiko da lasterketa. 20 kilometroko distantzia eta 1.300 metroko malda positiboa dituen ibilbidea hau izanen da: plazatik abiatu eta medikuaren etxetik barna, Zepuru, Illurdi, Ekaitza, Ibintza eta Oilargata pasatu eta Aientsatik Arruzpin barna plazara. Nafarroa­ko Mendi Lasterketen Koparako puntuagarria izanen da.

 

Sari banaketa 13:30­ean eginen da. Lehenbizi­ko hiru emakumezko nahiz gizonezkoentzat izanen dira sariak. Lehenbiziko saria txapela eta 120 euro; bigarren saria 80 euro­ eta hirugar­ren saria 50 euro. Xabier Zubieta saria ere izanen da, duela hamar urte zendu zen he­rriko mendigoizalearen omenez. Ekai­tza­ko tonto­rretik pasa­tzen den lehenbiziko ko­rrikalari bor­tziriarrak jasoko du. 


Parte hartzaileen artean ere, hainbat sari zozketatuko dira: Arantzako Hotelean bi laguneendako gaua; Iparran bi fisioterapia/osteopatia saio; herriko jatetxeetan otorduak; Leitzako Arakindegia jatetxean bi otordu eta Irrisarrilanden 10 baxi sarrera.

Izen-ematea www.kirolprobak.com-en egin behar da. Informazio gehiago www.menditzulia.com webgunean eskuratu daiteke.

Parte-hartzaile kopuruan muga paratu dute antolatzaileek eta 300 lasterkari onartuko dira.

Mendi lasterketa, Ekaitza Elkarteak eta Arantzako Udalak antolatu dute. Babesleak, Nafarroako Mendi Federazioa, Martiko, Berria eta Trail dira.

Ekimen hau, herriko eta inguruko hainbat komertzio, ostatu, jatetxe eta zerbitzuk lagundu dute.

 

Gutik Zura larunbatean

Ez da asteburuko ekitaldi bakarra izanen. Udaleko Kultura Batzordeari esker, bezperan, apirilak 22, Gutik Zura dokumentala ikusgai izanen baita. Egurraren lehena, oraina eta etorkizunari buruzko ikusentzunezko honetan, herritarrak ere ageri dira: Panta­leon Errandonea eta Pili­ eta Kontxita Altzuri. 17:00­etan eskainiko du­te eskolan eta Mari Jose Barriola­ zuzen­daria ere etorriko da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun